Eguraldia lagun duela, Bizkaiko kostaldea zeharkatu du Korrikak
Bizkaiko kostaldea tenperatura epelekin zeharkatu zuen atzo Korrikak. Gauerdiko lehenengo kilometroei Meatzaldean ekinda, Uribe Kostatik pasatu eta,jarraian, lekukoa Busturialdera sartu zen Urdaibaiko biosfera inguratuz. Iluntzean, Korrika Lea-Artibaira iritsi zen eta, Ondarroa pasata, Gipuzkoan bukatu zuen eguna.

Sestao izan zen atzo lekukoari ongi etorria eman zion lehen udalerria. Goizeko ordu txikitan, Meatzaldea zeharkatu zuten korrikalariek beraien euskararekiko konpromisoa berretsiz.
Lekukoak Bilboko itsasadarraren bi aldeak lotzen dituen Bizkaia zubia zeharkatu zuen eta Portugaleten lasterketara gehitu ziren ehunka lagunek lekukoa Itzubaltzetara eraman zuten goizeko seiak bueltan.
Jarraian, Algortatik Berangorako bidea hartu zuen lasterketak eta, bertan, Korrikaren aldeko batzorde zaharra omendu zuten. Izan ere, egun, Berangon ez dago AEK-rik eta, beraz, herriko bost emakumek, Mariak, Edurnek, Ainhoak, Arantzak eta Mirenek, hartu zuten Korrika antolatzeko ardura era boluntarioan. Gutxienez, hamar Korrika antolatuko zituztela kalkulatzen dute eta aurten batzorde berri bati utzi diote ekimena antolatzeko ardura. Korrika Batzorde zaharrean egon zen eta berrian jarraitzen duen Jurdanak azaldu zuenez, «omenaldi bat egin nahi izan diegu. Azkenean, antolakuntzan murgilduta zaudenean kezkatuta zaude eta ez duzu Korrikako giroaz benetan gozatzen. Orain, berriz, disfrutatzeko unea iritsi zaie».
Berangotik Sopelara, eta Sopelatik Urdulizera joan ostean, Gorlizen txanda iritsi zen. Jende ugari irten zen kalera eta, Gatikatik igarota, Mungiara heldu zen Korrika. Une ederrak utzi zituen lasterketak bertan, tartean, adinekoen egoitzako egoiliarrak espaloian, nor bere aulkian eserita, lasterketaren zain.
Ongi etorri «erraldoia»
Bakio zeharkatu eta itsasertzetik Bermeorako bidea hartu zuen euskararen aldarriak. Bertan, ongi etorri “erraldoia” eman zioten Korrikari. Izan ere, Bermeoko erraldoiek pandemia hasi zenetik zeramaten kalera irten gabe, baina, Korrika okasio berezia izanik, Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari ere euskararen aldarrira batu ziren.
Joseba Batiz Bermeoko Erraldoien Konpartsako kideak azaldu zuenez, hasiera batean ez zuten «bi erraldoi baino gehiago ateratzeko esperantzarik», baina, azkenean, erraldoi guztiak ateratzeko beste lagun batu ziren. Bukatzeko, atzo Bermeon bizitako «giro ederra» nabarmendu zuen; «pasada bat» izan zela gaineratu zuen.
Arratsaldean, Forua zeharkatu eta ehunka gernikarren harrera jaso zuen Korrikak. Horren ostean, Kortezubirantz jo zuen lasterketak Busturialdea atzean utzi eta Lea-Artibairantz jotzeko. Gauean, Ondarroa zeharkatu zuen eta Mutrikutik sartu zen berriz ere Gipuzkoara.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
