Ibai AZPARREN
GAIAREN ARGIBIDEA

«GEROA IKUSTEKO ESPERANTZA» EKARRI DU NAFARROAREN EGUNAK BAIGORRIRA

EUSKARAREN, EUSKAL KULTURAREN ETA BEREZIKI NAFARROAREN BATASUNAREN OHOREAN OSPATZEN DEN JAIA «ZUTI GITEZEN BERRIZ» LELOAREKIN ITZULI ZEN BAIGORRIRA. IRRINTZI, KALJIRA, DANTZA ETA KANTUEK HARTU ZUTEN ATZOKO OSPAKIZUNEAN PROTAGONISMOA, BAINA BAITA BI URTE «LAINOTSU» HAUETAN ZEHAR BIZKORTU DIREN ALDARRIKAPENEK ERE.

Behereko plazatik gaineko plazara joan den desfileak eman zion hasiera Nafarroaren Egunari Baigorrin. Duguna, Burgaintzi eta Tafallako dantzariek makilariak eta basaldunak gidatu zituzten txistuaren soinu atabikoaren eta trikitixa eta gaitaren alaitasunaren artean. Han hasi ziren jotzen Txakatuk, Kuxkuxtu eta Ezpela txarangak; aire baigorriarra sentimentalismoz astintzen zuen metalezko algara. Bi urtez jarraian ospakizuna bertan behera geratu zen osasun krisiak behartuta, eta euskaldunen arteko batasun hau berriro ospatzeko gogo geldiezinak giroa blaitu zuen atzo.

Nafarroaren Eguna 1979an antolatu zen lehen aldiz Baigorrin. Covid-19a iritsi arte, lau hamarkadetan zehar, inoiz ez zuen hutsik egin euskararen, euskal kulturaren eta bereziki Nafarroaren batasunaren ohorean ospatzen den jaiak. Aurtengo edizioa «Zuti gitezen berriz!» leloarekin zetorren, beraz, Nafarroaren Egunaren itzulera islatu nahian, eta hori gogoratu zuten Basaizea elkarteko kideek: «Azken bi urte hauen hainbat bizipen, esperientzia zein irakaspen anitzen ondorioz, Nafarroaren Egunak aurten ere geroa ikusteko esperantza ekarriko digu».

Plazan bildutako jendetzari mezua zabaldu baino lehen, ordea, ikuskizun ederra eskaini zuten talde, txaranga, dantzari eta basaldunek. Denbora gutxi falta izan zen festarako bideari ekiteko, Ipar Euskal Herriko herri osoan zehar hedatzen ziren luxuzko konbite eta irrintzi luzeen erdian, betierekoa zirudien udaberri baten pean. Txistorra Zubietako talo artean eta sagardoa, egurrezko lauburu eta piezaz betetako postuak eta etxe zurietako lehio gorriak parez pare irekita, Baigorri eta Lekunberriko ziganteei eta 50 urte betetzen dituzten Baigorriko gaiteroei harrera egiteko.

Jarraian, Lapurtak Motxak eta Larrain dantza, biribilean, eskuin, ezker, luze eta ebats mugimenduei amore emanda, urratsak ikasiak zituen plaza ederrean eta han bildutakoen poztasunaren adierazle. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurbildu direnen txaloak jaso zituzten dantzari amateur eta profesionalek, kaleak musikaz eta kolorez bete dituztenenak.

Baina laster goseak jana bilatzera bultzatu zituen bertaratutakoak. Mahai bat hautatu eta Plaza Xokon bildu ziren familia eta lagun taldeetan, ikastolen aldeko bazkarian, gurasoek seme-alabei buruz ezer jakin nahi ez zuten tokian. Parean jolasak konkistatutako txokoa, puzgarri, egurrezko joko eta makillajez beterik, seme-alabek gurasoei buruz ezer jakin nahi ez zuten eremuan. Harmonia sakona, eguzkipean paisaia bete zuena.

Herriko Etxearen aitzinean Elektrotxufa txaranga izan zen ondoren, gure oroimen kolektiboaren abestien notak errepikatzen zituenak, jendaila frenesira bultzatzea xede. Metro batzuetara, ehundik gora lagun batu ziren Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Eneko Lazkoz bertsolarien jarduna entzuteko.

Arratsaldeko kontzertuak duela 30 urte Ipar Euskal Herria osoa dantzan jarri zuen Izan talde ezagunarekin hasi ziren, eta horren ondotik etorriko ziren Kilimak, Letagin eta Holako Deluxe bezalako taldeak. Euskal Herriko txokoetatik etorritako euskaldunek auto-ilara luzeak utzi zituzten herriko sarreran, agian gaur arte iraun dutenak, kanpalekua ere prestatu zutelako plaza ondoko pentze batean.

gaur eta biharko erronkak

Basaizeak urtero antolatzen duen festan, Nafarroa bi estatuen arteko tentsio gune bilakatu zela nabarmendu zuten elkarteko kideek, horrek mugaz gaindiko harremanak eta lankidetza azkarki trabatu dituela gogoratuz. Horrez gain, euskara eta kultura herrikoiaren kalterako neurri zapaltzaileek eragindako «itzaltze kulturala» izan zuten hizpide.

Baina horiek ez dira izan buruhauste bakarrak. Izan ere, Basaizea elkarteko kideek azpimarratu zutenez, «azterketak euskaraz egiteko eskubideari uko egin diote berriki», euskaraz ikasteko eskubidea berriz ere suntsituz. Halaber, duela gutxi Molac legearen ezeztapenak milaka lagun kaleetara atera zituela nabarmendu zuten, murgiltzearen kontrako joerak erakusten dituztelako frantses Estatutik. «Noizko euskarren ezagupen ofiziala?» galdegin zuten.

Hauteskunde biharamun honetan, eskuin muturraren gorakadaz ere ohartarazi zuten: «Ez digu gure herriarei onurarik emanen, ez gure hizkuntzari, ez gure kultura herrikoiari ezta euskaldun eta nafar izateari ere. Hil eta zatitu nahi duten herria gure hizkuntzaz eta gure kulturaz josi eta biziaraz dezagun».

Etxebizitzaren garestitzea eta merkatuaren politika basatiak izan zuten mintzagai eta, salatu zutenez, «gure herritik kanpo geldituko garen sentsazioa sentiarazten digute». Hala, «turistifikazio masiboak» eta Euskal Herria «folklorizatzeko asmoz» aplikatutako politikak kritikatu zituzten Basaizea elkarteko kideek. «Guk ezetz esaten diogu horrelako modeoei», gaineratu zuten.

Hala eta guztiz ere, irrintziak, desfileak eta kantuak Baigorrira itzuli dira aurten, «aitzineko belanauldiek euskararen eta herri ekimenen lekukoa trasmititurik» eta, hain zuzen ere, bi urteren ondoren hori islatu da Baigorrin, oztopoak, hesiak eta zailtasunak gainditzeko grina. «Ez dakigu zertaz egina izanen den geroa b aina dakigun bakarra da etorkizuna zizelkatzeko botera dugula eta ez digutela sekula kenduko», adierazi zuten.