Gure Zirkuak Durangon ekingo dio ostiralean bosgarren birari
Ostiral honetan abiatuko du Gure Zirkuak bere bosgarren bira, Durangon. Apustuak egitea «garrantzitsua» dela iritzita, eszenografia desberdina eta ikuskizun «arriskatu samar» bat estreinatuko ditu euskal zirku ibiltariak denboraldi honetan.

Euskal Herriko bazterrak zeharkatzen hasi zenetik, lehen aldiz emango dio Durangok ongietorria Gure Zirkuari. Izan ere, ostiral honetan, maiatzaren 6an, ekingo diote bertan Gure Zirkuko lagunek bosgarren birari. Nobedade gisa, Gure Zirkuak eszenografia estreinatuko du, ikusleei dekoratu berezi bat opatuz eta ohiko oihal gorria alde batera utziz. Era berean, atzo egindako prentsaurrekoan artistek aurreratu zuten ikuskizun berria «arriskatu samarra» izango dela eta «hatzak gurutzatuta» datozela, baina gustura egindako lanarekin.
Ildo horretatik, Iker Galartza aktoreak, Poxpolo pailazo eta gidoilariak, jakinarazi zuen publiko bizkaitarrak atzemango dituela aldaketa gehien ikuskizunean: «Esan daiteke iaz Bizkaian egin ziren emanaldietatik bakar bat ere ez dela errepikatzen. Hau da, iaz baten bat Bakiora joan bazen, aurten Durangon erabat ikuskizun desberdina topatuko du».
Dena den, Galartzak aitortu zuen askotan «zaila» egiten zaiela show-ak aldatzea lantaldean baliabide mugatuak dituztelako. «Diziplinak ere oso konkretuak ditugu. Ekain ez dugu trapezioan ikusiko, malabarista eta pailazoa delako. Iraitz akrobata da, ez da malabarismoak egiten hasiko. Hala ere, apustua erabat diferentea da», argitu zuen aktoreak.
Gainera, Joseba Usabiaga aktoreak nabarmendu zuen lantaldea erabat indarberrituta dagoela oholtzara itzultzeko: «Bira hasieran denok %100ean egoten gara; Ikerrek eta biok ahotsa ondo dugu, Iraitz fisikoki errekuperatu da, Ekain malabarismoa praktikatzen aritu da negu guztian… Bira hasieran oso motibatuta eta gogotsu egoten gara, inolako lesiorik gabe, eta uste dut hiru aste hauek oso onak izango direla».
Horretaz gain, bi aktoreek nabarmendu zuten, nahiz eta karpa erdi beteta egongo den, «errespetu handiz» jokatuko dutela jende pilaketarik nahi ez duten ikusleekin. Musukoaren aferan, Usabiagak aitortu zuen «irribarreak ikusteak asko motibatuko» dituztela.
Kolaborazio «naturalak»
Aurreko biretan, Gure Zirkuak Gozategi musika taldearekin edota bertsolariekin emanaldi bereziak eskaini zituen. Denboraldi honetan ere gonbidatuak aurreikusten ote dituzten galdetuta, Galartzak gogorarazi zuen horiek «era naturalean» loratutako kolaborazioak izan zirela, eta ez aurretiaz programatutakoak.
«Gauzak oso era naturalean gertatzen direnean, gehiegi tenkatu gabe, uste dut ona dela», esan zuen Galartzak. «Uztartzeak onak badira» saiatu egin behar da, bere iritziz, eta kultur eragileengandik proposamenak jasoz gero, elkarlanerako «prest» daudela jakinarazi zuen aktoreak. Alabaina, oraingoz ez dute gonbidatu berezirik espero.
Estreinaldia, Durangon
Durangon eskainiko dituzten hamalau emanaldien ostean, Araba izango da zirkuaren hurrengo geltokia, azken hiru urteetan bertara joan gabe egon ostean. Zehazki, Amurrion kokatuko dute karpa eta hamar emanaldi eskainiko dituzte hilaren 27tik ekainaren 5era.
Pisuzko bi arrazoi izan ditu zirku ibiltariak bira Durangon hasteko: batetik, pandemia hasi aurretik jada bertara joateko asmoa zutela eta behin eta berriz hitzordua atzeratu behar izan zutela osasun krisia tarteko, eta, bestetik, Durangaldea «apustu segurua» dela.
«Egia esan, pitin bat berekoiak izanda, kolpe segurua jo eta ondo hasi nahi genuen. Gure Zirkuari gustatzen zaio apustu ezberdinak egitea eta txoko diferenteetara joatea. Norbaitek akaso pentsatuko du beti-beti betetzen dugula, baina ez dugu beti-beti betetzen», azaldu zuen Galartzak.
Durangoko emanaldi guztietarako sarrerak agortuta daude jada. Dena den, beti gordetzen dituzte emanaldi bakoitzeko sarrera batzuk txarteldegian, internet erabiltzeko ohiturarik ez duten eta zirkuaz gozatu nahi duten herritarrentzat.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
