GARA
HERNANI
LANEKO BI HERIOTZAREN BERRI

Igeltsero bat hil da Ondarroan eta garraiolari bat Hernanin

Laneko bi heriotzaren berri izan genuen atzo. Alde batetik, erradial batekin istripu bat izan ostean larunbatean Ondarroan igeltsero bat hil zela jakin genuen. Bestetik, Hernaniko Zikuñaga paper fabrikan ezbeharra izan zen atzo eta beste langile bat zendu zen kamioi batek harrapatuta. Euskal Herrian aurten zendu diren 22. eta 23. beharginak dira.

Lan istripu baten ondorioz larunbatean Ondarroan hildako 35 urteko igeltsero baten heriotzaren berri eman zuen atzo Lakuako Segurtasun Sailak. ELAk zehaztu zuenez, hildakoa Zaragozakoa zen eta bost hilabete zeramatzan Zero Plus Nzeb Berrikuntzak enpresan lanean.

Hernaniko Zikuñaga paper fabrikan ere ezbeharra izan zen eta beste langile bat zendu zen. Segurtasun Sailak adierazi zuenez, fabrika atzean deskargak egiteko dagoen bidean izan zen istripua, kamioilari batek beste bat harrapatu ostean. Istripua goizeko bederatziak aldera gertatu zen, garraiolaria egurra kargatzeko zain zegoenean.

Ondarroan, gorpua astelehen eguerdian topatu zuten, Alde Zaharreko Itsas Aurre kalean zaharberritzen ari diren etxe batean. Ertzaintzaren ikerketen arabera, lan istripu baten ondorioz hil zen behargina. Osalanek agertu zuenez, langilea leiho baten markoa mozten ari zen erradial batekin lepoan ebaki bat egin zuenean. Lehen mailako igeltseroa zen.

«Nola liteke bakarka aritzea?»

Ondarroakoa Euskal Herrian aurten izan den 23. lan istripu hilgarria da. 23 horietatik zortzi eraikuntza lanetan zendu dira.

LABen arabera, Ondarroako istripua larunbatean gertatu zen, baina, langilea bakarrik ari zenez lanean, ez zuten astelehenera arte topatu. «Nola liteke obra batean langile bat bakarka aritzea?», galdetu zuen.

«Langileen asteko lanordu kopurua izugarria da. Nekea arrisku faktore izanda, nork kontrolatzen du errealitate arriskutsu hori?», erantsi zuen sindikatu abertzaleak. Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendu zitzaion: «Patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu. Noiz aterako da laneko erailketen aurka?». LABek «segurtasun arauak betearazteko» eskatu zien erakundeei, baita ELAk ere. «Giza baliabideak, prestakuntza eta bitarteko materialak jarri behar dira, kontrol eta ikuskapen gehiago eta hobeak egin behar dira, segurtasun neurriak kontrolatu behar dira, eta kontratazioan iruzur egitea saihestu», nabarmendu zuen.

Biharko, 12.00etan, Ondarroako Itsas Aurreko enparantzan elkarretaratzea deitu eta parte hartzeko deia egin dute bi sindikatuek.

LAB: «Ez da trafiko istripua»

Hernaniko istripuari dagokionez, LABek zera nabarmendu zuen: «Ezin dugu ulertu nola Zikuñaga enpresak koordinatu behar lukeen lan aktibitate eremu batean ez zegoen beharrezko prozedurarik, ezta berau betearazteko neurririk ere».

Ezbeharra gertatu eta «berehala», Zikuñagak «ardura bere gain ez hartzeko eginiko mugimenduak» ikusi zituen sindikatuak eta «irmo» salatu zituen. «Ez dugu onartuko Osalanek eta ikuskaritzak trafiko istripu bezala hartzea euren estatistikak leuntzeko», ohartarazi zuen. Eta garraiolariaren heriotza «enpresen arteko koordinazio gabeziarekin» lotu zuen.

Segurtasuna lehenbizi

ELAk zehaztu zuenez, 69 urte zituen Hernaniko Eziago industrialdean, ibaiaren pareko aparkalekuan, kamioi batek harrapatuta hil den garraiolariak. Babesa eta elkartasuna adierazi zien biktimaren gertukoei, eta ezbeharraren zergatiak eta erantzukizunak argitzeko eskatu zuen.

Datu gogorrak ere eman zituen ELAk: Gipuzkoan 2022an hil den zortzigarren langilea da, eta 24.a Hego Euskal Herrian. Lan istripuak %10 baino gehiago igo dira azken urtean eta egunero 235 pertsonak izaten dute lan istripu bat. «Egoera oso larria da, eta ez da kasualitatea. Zuzeneko lotura du ez inbertitzearekin, prestakuntzarik ezarekin eta prebentzio eta babes neurri egokirik ez izatearekin».

ELAk gaineratu zuenez, patronala «oso eroso dago, Eusko Jaurlaritzaren adostasuna baitu». ELAk langileen segurtasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenestea exijitu zuen.