Bertigorik ez, Delirium Tremens taldeak jo duen hordagoan
Hiru hamarkada luzeko etenaldiaren ostean, gogotsu eta hitzordu garrantzitsuekin (datorren 28ko BECeko kontzertuaren ostean, jarraian EH Zuzenean, Azkena Rock, Hatortxu Rock...) dator bueltan Delirium Tremens talde gogoangarria. Zortzi kantaz osatutako disko berria plazaratu dute, «Hordago» izenekoa, «garai bateko espirituari» eutsiz.

2019an Bilboko Kafe Antzokian taldekide eta lagun izan zuten Iñigo Muguruzari egin zitzaion omenaldirako berriz batu zirenean, Mutrikun egin zituzten entsegu haietan piztu zitzaien oholtza gainera itzultzeko gogoa. Eta, atzo ere, Kafe Antzokia aukeratu zuten Delirium Tremens taldekoek “Hordago” lan berria aurkezteko eta, bide batez, itzulerarako biraren gaineko argibideak emateko.
Zortzi kantaz osatutako lana, “Hordago” (2022), bandak estudioan grabatu duen hirugarren diskoa da. Aurretik, “Ikusi eta ikasi” (1989) eta “Hiru aeroplano” (1990) grabatu zituzten, guztion memorian iltzatuta gelditu diren kantekin, urteen buruan ereserki bihurtu direnekin. Sei urte eskaseko ibilbidea eginda, 1991n, agur esan zuten. Itzulera honetan, Delirium Tremensen doinuak hor dirau; letretan, agian, denboraren joana edo igaro den denbora nabaritzen da –inor ez da duela 30 urte bezalakoa–.
Haritz Harreguyk, beterano hauei batu zaien taldekide berriak, hau esan zuen atzo: «Guk gaztetan pila bat entzun dugu Delirium Tremens eta saiatu naiz nolabait beraien nortasuna mantentzen eta garai horiek zeukaten bat-batekotasuna errespetatzen. Gaur egunera ekarri nahi izan dut soinua, soinu indartsua izan dezan. Bat-batekotasun hori eta garai bateko espiritua mantentzen saiatu naiz, baina gaur egunera ekarrita» .
Talde desberdinetan aritutako gitarra-jotzailea eta teknikaria da Harreguy Delirium Tremensen soinu “berri” honen arduraduna, produkzio kontuetan lagundu dielako. Hasieran, lehenengo bi kantekin jo zuten usurbildarraren Maukako estudioetara. Honek grabazioetan eman zizkien ideia eta ekarpenak ikusirik, eta elkar ondo ulertzen zutela oharturik, «Haritz, festara batuko al zara?» bota zioten gonbidapena.
Beraz, etapa berri honetan Haritz Harreguyk Delirium Tremens-eko laugarren kidea bihurtu da, Andoni Basterretxea (ahotsa eta gitarra), Patxi Irisarri (baxua) eta Juantxo Yurrita “Txufu”-rekin (bateria) batera.
Maiatzaren 28an BECen duten aurkezpena «potentea» izango dela iragarri zuten atzo. Hitzordu garrantzitsuak dituzte gero, jarraian: ekainaren 17an Azkena Rocken, Gasteizen; uztailaren 1ean, EH Zuzenean-en, Irisarrin, eta azkenekoa, oraingoz, uztailaren 30ean Hatortxu Rocken. “Bertigorik” sortu al die itzulera honek? «Oraintxe bertan ez; sekulako gogoa dugu», esan zuen atzo Andonik. «Hasieran bai, baina etengabe entseatzen ari gara bertigoa murrizten joateko», aitortu zuen berriz Haritzek. Entrenamendua egiten ari dira. Esaterako, joan den astean Arantzako aterpean saio bat egin zuten (“Aio” kantaren bideoa bertan grabatu zuten) eta Ondarroan maiatzaren 14an beste bat emango dute.
Nostalgiak eta indar berriak
“Hordago” binilo dotorean ere kaleratu dute: itsasoaren olatuak azalean, gorri koloreko binilo argia barnean... eta, bide batez, egin dituzten kanta berriei buruzko zertzelada batzuk eskatu dizkiegu taldekideei: «Kanta batzuk errazak eta beste batzuk buruari buelta ematekoak dira; ‘Hola tio’, esaterako, erraza da. Bi lagun elkartzen dira, aspaldian ikusi gabe daude eta bizitzak bakoitza leku desberdinetara eraman du. Adinak aurrera egin ahala, denoi pasa zaigun egoera da. Eta galdetu egiten duzu: ‘Andrea, ondo?’. ‘Hil zen’, erantzuna. Batzuetan hobe da galdera zuzenak ez botatzea», argitu zuen Basterretxeak.
“Ibaiak gara” kantan denboraren joana da gaia: «Batu ginenean izan genuen sentsazioa kontatzen dugu: ‘Hemen gaude berriz, zenbat denbora pasatu den... eta ez gaude denok’. Ibaiak gara eta itsasora iristen garenean dena bukatzen da». “Banoa”-n Saharaz hegoaldeko immigranteen azalean jarri dira; “Hordago” abestian, osatu zuten lehenean, taldearen itzulerarekin jokatu dute: «Gu batu eta aurrera jotzea hordago bat izan zelako».
«Eta ‘Bela-n’, esaterako, oroitzen gara zein ondo pasatzen genuen garai batean hondartzan eguzkia nola ateratzen zen ikusten. Eta garai horiek pasa dira»... Nostalgia kutsua suma al daiteke agian itzulera honetan?

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
