Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zelan? Zelatatzen!

Bai, aste honetan ere. Lanak korapilatu egin zaizkit eta… gainbegiratu baino ez dut egin prentsa. Hortaz, ez dakit berriak, eta zaharrak, ondo harrapatu ditudan ala, berriro ere, ez ote dudan dena era nahasian ulertu. Ditxosozko Pegasus horrena, kasuko. Aitortu behar dut: kuriositateagatik baino ez bada ere, aste baterako erosi nahi izan dut holako bat. Ba, sinistuko al nauzu? Herriko txinatarren dendan ere ez dut topatu! Txipen bat solte baino ez zutela, atera kontuak zertan den merkatua!

Total, zelatatzeko ei da Pegasus zer hori, oposizioa zelatatzeko edo. Eta nire buru nahasian zera ondorioztatu dut: Osakidetzako oposizioak zelatatzeko, seguru! Testak prestatu behar dituztenak zelatatu eta testena zelatari batzuen ekosisteman zabaltzeko, bezero-sarea mantentze aldera. Testak bai, azterketako galderez nago, ez antigenoez, mesedez! Total, berriro enteratu naiz zelatariak ere zelatatuak direla eta hango presidenteari hainbat giga ostu dizkiotela. Kolpea gero! Euskal aurrizkia duen konpainia arrotz baten ETBko iragarkia dirudi!

Egia esan, ez nau harritzen Pegasus pandemia hain arin zabaltzeak, hainbeste dira telefono mugikorrari pega-pega eginda bizi direnak! Horra, sanferminetako kartela hautatzeko ere, zertan eta zelatatan ibili ei dira batzuk! Eta nire teknologia-mina handia ez bada ere, ia seguru esan dezaket ez direla zezenak izan! Are gehiago, seguru diot, eta ez legeak aginduta oraingoan!

Oposizioa aipatu dudala, sindikatuak etorri zaizkit buru aldera. Eta elkarrizketa sozialerako den ustezko mahai hori ere, Eusko Alderdi Jaurlaritzak diseinatua. Errusiako presidente ezagunak kontrarioak hartzeko duen mahai hura gogoan. Mugikorra behar gero han hitz egiteko! Eta hortxe Pegasus zain! Ez, ez da giro hor. Italian bai, Giroa bueltan. Eta Senperen giroa itzuleran.