GARA
GASTEIZ

Indarkeria matxista saihesteko gida izango dute EAEko udalek

«Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida» helaraziko die Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak EAEko udalei. Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek bultzatutako Beldur Barik programaren esparruan sortutakoa da. «Normaltasunera itzultzeaz ari garenean, ezin dugu normaltasunaz hitz egin eraso sexistak gertatzen diren bitartean», adierazi zuen Beatriz Artolazabalek.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, uda honetan jaiak bueltatuko dira euskal udalerrietara. Hori dela eta, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko gidaliburua banatuko die udalei. Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek sortutako Beldur Barik programaren barruan dago eta eraso matxisten aurka herriotan egiten den lana indartuko duelakoan daude.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkateak aurkeztu zuten gidaliburua, atzo, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Ainhoa Campo, Miren Elgarresta eta Patricia Campelo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako Berdintasuneko zuzendariekin batera.

Emakundek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudelekin elkarlanean koordinatzen duen Beldur Barik programaren baitan, urtero udalerrien eskura jartzen da jaiei begirako prebentzio materiala, eta aurten gidaliburu hau prestatu dute. Eraso matxistak identifikatzeko eta prebenitzeko, eraso baten biktimei arreta emateko eta eraso bati erantzun publikoa nola eman antolatzeko jarraibideak ematen ditu. Eranskin bat ere badu, bereziki ostalaritza sektoreari eta txosnei zuzendutakoa.

Beatriz Artolazabalek adierazi zuenez, «normaltasunera itzultzeaz hitz egiten dugunean, gogorarazi nahi dugu ezin dugula normaltasunaz hitz egin eraso sexistak gertatzen diren bitartean». «Berdintasunezko jaiak nahi ditugu», azpimarratu zuen, eta helburu hori lortzen laguntzeko gida prestatu dute udal, jai batzorde, ostalaritza, txosna eta jai ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona eta kolektibo guztientzat. Zehaztu zutenaren arabera, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzen lagunduko duten prozesuak bultzatzeko edo indartzeko jarraibideak ematen ditu liburuxkak.

«Jaiak antolatzen hasten diren lehenengo unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti gogoan izatea nahi dugu. Jaiak eta alkoholak ez dute pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik justifikatzen. Ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen», gaineratu zuen Lakuako sailburuak.

Udalerri txikientzat

Bestalde, Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak nabarmendu zuen udalek funtsezko zeregina dutela berdintasunaren aldeko talde lanean sentsibilizatze aldera. Gidak «udalak inspiratzeko» duen gaitasuna azpimarratu zuen: «Batez ere, udalerri txikientzat da baliagarria, prozesu horiek diseinatzeko behar diren langile teknikoak ez dituztenentzat, alegia».

Esan zuenez, «jaiak pertsonak elkartzeko eta horien arteko harremanak sendotzen laguntzeko topaguneak dira eta guztiok dugu eskubidea horiek nahi dugun moduan bizitzeko». Halaber, bere hitzetan, pandemiaren ondoren jaiak ospatu ahal izateak sortzen duen ilusioa ezin da lausotu «emakumeak jaiez gozatzeko askatasunik gabe uzten dituzten eraso eta jokabide matxistekin».

Eraso matxisten gaineko datuen inguruan galdetuta, Artolazabalek baieztatu zuen pandemian eraso sexistek behera egin zutela baina gaur egun ugaritzen ari direla.