A. G.
SASKIBALOIA

Gernika Bizkaiak Arrojo eta Ginzo galdu ditu

Bi izen dira soilik oraingoz, baina esanguratsuak: Paula Ginzo eta, batez ere, Belen Arrojo kapitainak ez dute Lointek Gernika Bizkaian jarraituko. Santoñako pibotak Lugoko Ensino taldean jokatuko du datorren denboraldian, azken bi urteetan Bizkaia aldean jokatu ondoren, eta aldiz, Granadako hegalekoa Endesa Ligara igo berri den Murtziako Hozono Global Jairis taldean arituko da, Gernika Bizkaiara 2019/2020 denboraldian iritsi eta hemengo bidea amaituta.

Ondorioz, aldaketa sakonak egin beharko ditu talde bizkaitarrak datorren denboraldiari begira. Hauek biak ez dira izarrak, baina bai taldearen errotazioari sakontasuna ematen diotenak.

Datozenak datozela, kalitate handiko jokalariak izan beharko dute. Izan ere, Marta Alberdik hedabide honi esandakoari so eginez, «Gernikak Ligako aurreneko lau postuetan finkatzea du helburu, eta, aurten lortu ez badu ere, hurrengo urteetan ere saiatuko da berriz».

Ondorioz, 2021/22 denboraldi amaitu berria ez da nahi bezain ona izan talde bizkaitarrarentzat. Zortzigarren amaitu du Ligan, Eurocupean final-zortzirenetara eta Kopako finalerdietara iristeaz gain. Kopan eta Europan lorturiko emaitzak onak badira ere, Ligan hankamotz geratu da talde gernikarra.

Ezaugarriak

Belen Arrojo Gernikara iristeak hiru denboraldiotan sekulako mesedea egin dio. Aurten, batez beste, 5,9 puntu eta 2,5 errebote lortu ditu Granadako hegalekoak, baina defentsan eta jokoari ematen dion orekan zenbakiek diotena baino askoz jokalari garrantzitsuagoa izan da. Ikusi baino ez dago Turkian, Çukurova Mersin taldearen aurkako segada famatuan, nola sumatu zuten haren hutsunea gernikarrek.

Paula Ginzok, berriz, 7,3 puntu eta 3,7 errebote lortu ditu azken denboraldian, Brcaninovic eta Tinara Mooren atzetik hirugarren pibot postuan. Ez du agian bere garaian Nogaye Lok lortutako mailarik erdietsi, baina titularrei atseden emateko oso jokalari aproposa dela erakutsi du Santoñakoak.

Gernikak «formazio» jokalariak fitxatu beharko ditu. Uneotan Marta Alberdi, Itziar Ariztimuño eta Roso Buch dira “kupo” hori betetzen duten jokalariak, eta ikusteko dago Roso Buch Mataroko jokalariak Gernikan jarraituko ote duen.