Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA
HIZKUNTZEN ERABILERAREN KALE NEURKETAREN EMAITZAK

Eustea lortu den arren, euskara minorizatua da eta ez dago bermatuta

Euskal Herriko karriketan behatutako zortzi lagunetatik bat mintzatzen da euskaraz (%12,6). 2016ko datu bera da. Ipar Euskal Herrian beherantz doa; Gasteizen, aldiz, espazioak irabazten ari da gure hizkuntza. Soziolinguistika Klusterraren neurketaren emaitzak dira.

2006tik heldu zen jaitsiera gelditu eta datu orokorra egonkor mantendu izana balioan jartzekoa da. Hala ere, hizkuntza minoritarioa eta minorizatua da euskara; Euskal Herriko kaleetan zortzi pertsonatik bat aritzen da soilik hizkuntza honetan. Hego Euskal Herrian gaztelania aditzen da nagusiki; Ipar Euskal Herrian, frantsesa. Are gehiago, Baiona, Gasteiz eta Bilboko karriketan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren bertze hizkuntzen erabilera euskararena baino handiagoa da, eta Iruñean, parekoa.

Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten duen Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketaren emaitza nagusietakoa da hori. Euskal Herri osoko kaleetan 600.000 pertsona baino gehiago eta 200.000 elkarrizketatik goiti behatuz egin zen neurketa 2021eko iraila eta urrian. Maialen Iñarra landa lanaren arduradunak erran zuenez, gurean inoiz egin den ikerketa kuantitatibo handienetako bat da.

Iñarrarekin batera elkartu ziren atzo Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostian, azterketaren bultzatzaileak, zenbakiak aurkezteko bakarrik ez, horiek irakurri, baloratu eta proposamenak egiteko. 1989an abiatu zen ikerketa eta ordutik 2021era 1,8 puntu hazi da euskararen presentzia kalean. 2006an neurtu zen mailarik handiena (%13,7) eta ondorengo hamar urteetan (2006-2016) behera egin ondotik, azken bost urteetan eutsi egin zaio erabilerari. Olatz Altuna ikerlanaren zuzendariaren ustez, «baloratzekoa da hori, baina ez da nahikoa».

Xabier Isasi Batzorde Zientifikoko kideak erantsi zuenez, gure hizkuntzaren egoera «ezegonkorra da eta hala izango da aurrerantzean ere. Estatistikoki, oraingo erabilera tasa espero zitekeena baino handiagoa da. Eta euskaldunen erresilientzia ere azpimarratzekoa da, euskarari eutsi diotelako».

Hiztun gehienak, elebidunak

Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak, Imanol Larreak, adierazi zuenez, euskara hizkuntza minoritarioa izateaz gain, hiztun gehienak elebidunak dira. Minorizatua ere bada; erdaraz funtzio guztiak bete daitezke erraztasunez, baina euskaraz ez, eta horrek ekartzen du erabilera baldintzatuta egotea, ez delako beti posible solaskide euskalduna topatzea. Baldintza sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalek izugarri eragiten dute hizkuntzaren hautuan.

«Hori dena mundu mailan globalizazioa handitzen eta bioaniztasunarekin batera hizkuntza aniztasuna galtzen ari den garaian gertatzen ari da», gaineratu zuen.

Gipuzkoako karriketan entzuten da euskara gehien (%31); jarraian datoz Bizkaia (%9) eta Araba, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herria (hirurak %5-6ko erabilerarekin). Arnasguneetan gibelera egin du gure hizkuntzak. Ipar Euskal Herrian ere bai. Gasteizen, berriz, aitzinera doa, baita haurren artean ere. Generoak ere badu zerikusia, zergatia ikertzeko dagoen arren: emakumeek gehiago egiten dute, bereziki gazteen artean.

Hiriburuetan altuagoa da euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren bertze hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino. Donostian, euskararen kale erabilera %15,3koa da. Gainerako hiriburuetan, %2,5 eta %4 bitartean dago. Nabarmentzekoa da, Araba erabilerarik txikiena duen lurraldea izanik, hiriburuen hurrenkeran Gasteiz bigarren lekuan kokatu izana.

Isasiren irakurketaren arabera, Gobernua Lakuan kokatu izanak eragin positiboa izan duela dirudi eta azken urteotako egoera soziolinguistikoak, batez ere gazteen artean, euskararen alde jokatu duela. Altunak zehaztu zuen emakumezko gazteak ditugula aurrean euskararen biziberritze prozesuko hainbat ekimenetan. «Interesgarria litzateke Gasteizko euskararen erabileraren goranzko joera hau zer faktorek gehiagok eragiten duten aztertzea».

Generoaren aldagaiak ere sakonago ikertzea merezi duela defendatu zuen euskara biziberritzeko ikergunearen ordezkariak. Azterketa honetan bakarrik ez, unibertsitateetako kale neurketetan, ikastetxeetako jolas garaietan eta eskolaz kanpoko kirol jardueretan ere joera bera ikusi dute: «Duela 15-20 urte ez bezala, fenomenoa orokortu zaigu; emakumeek gehiago hitz egiten dute euskaraz gizonek baino. Adin tarte guztietan gertatzen da hori, adinekoen artean izan ezik».

Bertze hizkuntzak, %3

Jatorri atzerritarreko biztanleak eta turistak dira euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren bertze hizkuntzen hiztun potentzial garrantzitsuenak. Jatorri kanpotarreko biztanleei dagokienez, azken 20 urteetan hirukoiztu egin da Nafarroan biztanlerian duten pisua eta laukoiztu, EAEn. Hego Euskal Herriko biztanlerian duten pisua %10 eta %16 bitartekoa da. Esanguratsua da, multzo horren barrenean, jatorriagatik, gaztelania hiztunak erdia baino gehiago izatea.

Kale erabileran, bertze hizkuntzen hiztunak gutxiengoa dira eta, hortaz, horietan mintzatzeko aukera mugatua dute. Jatorri atzerritarreko biztanleria hazi arren, bertze hizkuntzen erabilera maila berean mantentzen da (%3an). Horrek iradokitzen du populazio horrek tarte labur-ertainean lurraldean ohikoenak diren hizkuntzak –gaztelania eta frantsesa– erabiltzen dituela karrikan.

Arnasguneak, atzera

Eremu erdaldunena euskaldunduz joan den bitartean, eremu euskaldunena erdaldunduz joan da. Erdiko eremu soziolinguistikoetan gero eta udalerri gehiago daude; aldiz, muturreko eremuetan, gero eta gutxiago. Balioan jartzekoa da duela hamarkada batzuk euskararik aditzen ez zen hainbat lekutan euskararen erabilera hazi izana.

Aitzitik, eremu euskaldunenean erabilera jaitsi egin da. Iñaki Iurrebaso Batzorde Zientifikoko lagunak azaldu zuenez, arnasguneak estrategikoak dira biziberritze prozesuan, euskara modu naturalean elikatzen delako bertan. Horregatik, arretaz jarraitu behar dira udalerri horietan hizkuntzaren bizi indarrari eragiten dioten aldaketak: inguruan bertan bizi proiektuak garatzeko aukerak, hirigintza proiektuen eragina, barne eta kanpo migrazioak...

«Zonalde gotorrenak poliki-poliki ahultzen doaz. Ia fluxu guztiak udalerri horien euskalduntasunaren kalterako dira: bertako biztanleak kanpora joatea, baita kanpokoak etortzea ere, profil linguistiko ahulagoa dakartelako: erdaldunak dira zuzenean edo ez dituzte bertakoen hizkuntza ohiturak. Hau guztia ‘naturala’ izateak ez du esan nahi konformatu behar dugunik, behar ditugulako eremu horiek», aldarrikatu zuen.

 

Gazteak mintzo dira gehien: biziberritzeko onena hori da

Jakina da biztanleen adin piramidea zahartu dela; euskararen erabileran, aldiz, kontrakoa gertatu da: ‘gaztetu’ egin da piramidea. Euskarak adin piramidea irauli izana txalotzeko modukoa dela nabarmendu zuten Soziolinguistika Klusterreko kideek atzoko aurkezpen-balorazioan. Izan ere, munduko hizkuntza gutxitu gehienetan galera prozesuaren hurrenkera mantentzen da: adinekoek erabiltzen dute gehien eta gazteenek, gutxien. Euskararen kasuan, berriz, haurrak eta gazteak dira euskaraz gehien mintzatzen direnak. Hortaz, «biziberritzerako egoerarik mesedegarrienean dago euskara belaunaldien arabera».

Kontuan hartzeko bi elementu aipatu zituzten. Alde batetik, eskolak euskaldundu dituen hiztunen profila ez da garai bateko euskaldunena; alegia, euskaraz solastatzeko gai diren gazte eta haur gehienek gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza, eta errazago mintzatzen dira hizkuntza horietan. Bertzalde, gazteen mundua ez dago euskarari haurrena bezain lotuta. Haurrentzako kultur eta aisialdi eskaintzan leku handiagoa du euskarak; gazteei zuzendutakoan, ordea, euskarazko aukerak murritzagoak dira.M. I. G.

1997tik

beherako joera neurtu da Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdin.

%19,3

Horixe da haurren euskararen erabilera. 2016an, %18,3koa zen. Gainerako adin tarteetan ez da gorabehera esanguratsurik izan.

145

udalerritan jaso dira datuak; lurralde guztietakoak, gune soziolinguistiko guztietakoak eta biztanle kopuru desberdinetakoak.

336

neurtzaile profesional ibili dira belarriak zorroztuta 7.600 orduz. Inoiz baino solaskide gehiago entzun dituzte, 623.000, aurretik zehaztutako 418 bidetan.

0,3

Hori da behaketa zuzena oinarri duen ikerketa honen akats tartea.

30

urteotan izugarri aldatu da kalea eta klusterrak ikerketa bat du martxan arkitektoekin. Horrek euskararen erabilera datuak interpretatzeko gako gehiago emanen ditu.