GARA
BILBO

Itunpeko sei ezkontza atzeman dituzte Hego Euskal Herrian 2015etik

Behartutako sei ezkontza atzeman dituzte hainbat polizia taldek Hego Euskal Herrian 2015az geroztik: bost EAEn eta bat Nafarroan. EAE da kasu gehien detektatu duen bigarren erkidegoa, Kataluniaren ondoren; azken honetan hamalau kasu baieztatu dituzte.

Ertzaintzak eta Foruzaingoak itunpeko ezkontzen bost kasu atzeman dituzte EAEn eta bat Nafarroan, 2015az geroztik. Espainiar Estatuko zifrei erreparatuz gero, EAE da behartutako ezkontza gehien baieztatu duen bigarren autonomia erkidegoa Kataluniaren ostean –honek hamalau kasu atzeman ditu–. Espainiar Estatuan, orotara, indarkeria matxista mota honen 27 kasurekin egin dute topo.

Efe albiste-agentziak atzo jakinarazi zuenez, denbora tarte berean, Polizia espainiarrak eta Guardia Zibilak Asturiasen, Balearretan, Gaztela-Mantxan, Madrilen eta Valentziako Erkidegoan ere izan zuten itunpeko ezkontzen berri –kasu bana– eta, gainera, Estatutik kanpo itunpeko beste bi ezkontza atzeman zituzten.

Lehen planora itzuli da gogoz kontrako ezkontzen afera, Terrassan (Bartzelonan) bizi ziren bi ahizpa pakistandar, Aneesa eta Arooj Abbas, biak itunpeko ezkontzen biktimak, dibortziatu nahi izategatik Pakistanen tiroz hil eta gero. Haien neba eta osaba batek aitortu zuten «ohoreagatik» hil zituztela bi ahizpak.

Indarkeria matxista gisa katalogatuta, ezkontza behartua bi pertsonaren arteko batasuna da, non horietako batek, emakumeak oro har, ez duen erabateko eta askatasunezko adostasunik ematen, eta familiaren presio emozional, psikologiko edo fisikoak behartuta ezkontzen den.

Estatu espainoleko Zigor Kodeak, 172 bis artikuluan, sei hilabetetik 3 urte eta sei hilabetera arteko espetxe zigorrak ezartzen ditu, edo hamabi hilabetetik 24 hilabetera arteko isunak, bortxaren edo erabilitako baliabideen larritasunaren arabera, pertsona bat «larderia larriarekin edo indarkeriarekin» ezkontzera behartzen dutenentzat. Biktimak adingabeak badira, kondenak are gogorragoak dira.

Kasu zehatzak

Ezkontza hauek hautemateko funtsezkoak dira gizarte eta hezkuntza-zerbitzuen abisuak, kasu gehienetan biktimek ez baitute salaketarik jartzen.

Kataluniako Generalitateko Barne Sailaren arabera, 2010 eta 2019 artean, Mossoek 85 neskato eta 68 emakume artatu zituzten autonomia-erkidego horretan, behartutako ezkontzengatik edo horien biktima izateko arriskuan egoteagatik.

Joan den urtean, bi familia ados jarri ziren Villaverde del Rion (Sevillan) haietako baten adin txikiko alaba adingabeko beste mutiko batekin ezkonarazteko. Neskatoak, jatorri errumaniarrekoak, irakasle ohi bati egoeraren berri eman zion telefonoz, eta horrek Guardia Zibila abisatu zuen. Guardia Zibilak neskatoaren ihesaldia eta babes zentro batera lekualdatzea antolatu zituen.

2018an, Zamoran, beste familia batek 16 eta 17 urteko bi alaba saldu nahi izan zituen 20.000 euroren truke.