GARA
DONOSTIA

Josu Okiñena euskal ondare musikala berreskuratzen ari da

Eskuizkribuak ikertu eta berreskuratzeko lanean aritu da Josu Okiñena musikaria. Euskal musika zaharra berreskuratzen ari da eta aurten jada hamar partitura jasotzea lortu du. Orain Aita Donostiaren requiem bat ari da lantzen, inoiz argitaratu ez dena.

OE Oficinak urteetan ahaztutako euskal musika-ondarea berreskuratzeko helburuarekin jarraitzen du lanean, azken urtean argitaratutako argitalpen eta disko lan ugarirekin. Era berean, musika garaikideko konpositore berriak bultzatzeko lanarekin ere jarraitzen du. Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakasleak proiektu horren baitan berreskuratu dituen obra berriak aurkeztu zituen atzo.

«Harro eta pozik gaude OE Oficinaren proiektuarekin hasieran ezarri genituen helburuak betetzen ari garelako; hau da, euskal musika klasikoa mundu osora zabaltzea. Zabalkunde hori zuzeneko errezitaldien, grabazioen eta partituren edizio kritikoen bidez egiten dugu. Horrela, errepertorioa eskura dago musika munduko ezein profesionalentzat edo melomanorentzat edo euskal kultura ondarearen ezagutzan interesa duen publikoarentzat», aipatu zuen Okiñenak.

Izan ere, 2022 oso urte emankorra izaten ari da: «Garrantzitsua izan da pandemiak eskaini digun on eskasa aprobetxatzea; hau da, hausnarketarako, lanerako eta ikerketarako tarteak bilatzea, pandemiarik ezaren egunerokotasuna ezinezkoa dela aprobetxatzea. Jakina, horrek kontzertuak antolatzeko zailtasun handiagoa ekarri du, mugikortasun arazoak izan direlako, baina emankorra izan da eskuizkribuak ikertzeko eta partiturak egiteko», esan zuen.

Bide horretan, Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila lagun izan du, zeinek diruz laguntzen duen ekimena. Bingen Zupiria sailburuak esan zuenez, «bizirik behar du memoriak, bizitzak memoria behar duelako. Horregatik hitz egiten dugu memoria biziaz. Eta transmisioaz. Egitasmo honek gordean eta isilean zeuden altxor musikalak kulturaren eta bizitzaren plazara ekartzen ditu. Memoria biziaren adierazpen ederra da: euskal musika gordailutik plazara eta iraganetik egungo belarrietara ekartzen du. Ikuspegi zabal eta profesional batekin».

Lanaren fruituak

Hala, 2022an Pascual Aldaveren hiru partitura, Lorenzo Ondarraren bost eta Tomas Garbizu eta Hilario Olazaran de Estellaren bana argitaratu dituzte. Bereziki garrantzitsuak dira hauek: Ondarraren “Bi gabon kanta”, konposatzailearen heriotzaren hamargarren urteurrenean Tolosako abesbatza jaialdirako nahitaezko pieza gisa hautatutakoa; eta Aldavek korurako egin zuen “Eliz bidea” obra erlijiosoa.

Horiez gain, Aita Donostiaren “Pro Defunctis” mezaren orkestra bertsioa argitaratzear daude, inoiz argitaratu ez dena. «Euskal requiem handia dugu honako hau», aipatu zuen Okiñenak.

Berreskuratutako musikarekin bi disko argitaratu ditu OE Oficinak; “Aita Donostia Songs”, Mikel Uskola kontratenor euskaldunak kantatua, eta “Xarmak”, Lyana Gourdjia biolinista georgiarrarekin, biak Okiñenaren pianoarekin batera.

Gainera, aurkezpenean nabarmendu zuten euskal musika ondarea zabaltzeko beste moduetako bat dela zuzeneko emanaldiak eskaintzea, eta horretarako hasi dira zitak lotzen. Besteak beste, “Batura” zikloaren hirugarren edizioa prestatzen ari dira, 20 kontzertu ingurukoa. Aurtengo edizioan “Emakumea eta euskal musika” gaia aukeratu dute ardatz gisa.

“Hegalak” ekimen berritzailean, berreskuratutako obren pianorako errezitaldia eskainiko dute, eta “Kaputxino” konpositoreen zikloan, aurten eta datorren urte bitartean, Iberiar Penintsulako hainbat herritan arituko dira.

Amaitzeko, 2024an Pascual Aldaveren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programazio berezia prestatuko dutela iragarri zuten. «Zoritxarrez, orkestralki pare bat aldiz interpretatu da Historian; azkena, duela hiru hamarkada baino gehiago», argitu zuen Okiñenak.