Dabid LAZKANOITURBURU

Uigurren «berreziketa», Xi eta Bachelet

Duela urte batzuk eraiki zituen Txinak uigur matxinoak (Ekialdeko Turkestaneko etnia) kontrolpean edukitzeko zentroak. Hasieratik ukatu egin zuen Beijingek kartzelak zirenik eta «Berreziketarako eremuak baino» ez zirela argudiatu zuen, matxinoak eta beren ingurukoak yihadismoan (musulmanak dira uigurrak) edota independentzia-zaletasunean eror ez zitezen. Berreziketa zentroek historia luzea zein odoltsua dute Txinan, maoismoaren garaian, eta ekialdeko Asiatik irten gabe beste hainbat lurraldetan: Jemer Gorrien Pol-Pot erregimenean, kasu, Kanbodian.

Agian horrexegatik aldatu die Txinak izena zentroei azken aldian, Lanbide Heziketarako egoitzak direla ziurtatuz, eta gehienak itxi dituztela gaineratuz. Badakizue: zuen seme-alaba bertara ikastera eramatekotan bazaudete, adi egon, plazak gero eta murritzagoak baitira. Hori bai: lanpostua ziurtatuta.

Dakizuenez, agian, Michelle Bachelet NBEko Giza Eskubideen aldeko goi-arduraduna Txinan dabil gaia aztertzen. Xi Jinping presidente txinatarrak ez du zuzenean hartu, bideo-konferentziaren bitartez baizik (Zero-Covid politikaren eragina izango da; isolatuta dauden Shanghai hiriko biztanleei keinua).

Mao Zedong Txina berpiztuaren aita hil zenetik botere gehien bildu duen Xik bi gauza aipatu zizkion Txileko presidente ohiari pantailaren beste aldetik: inor ez dela gai auzi honetan inor kritikatzeko eta Txinaren lehentasuna jendearen bizibidea eta garapena ziurtatzea dela.

Aitzitik, edozeinek du, baita maltzurrenak ere, beste inork giza-eskubideak urratzen dituela salatzeko beta: AEBek Txinan edota Txinak AEBetan.... Eta herrialde bakoitzaren «nazio baldintzak» aitzakia bezala erabiltzea baldintza horiek ez aldatzeko aitzakia bihurtzen da.

Diplomaziari zor, erantzun hauek ez zizkion eman Bacheletek Xiri, eta Washingtongo Gobernuak baldintza horietan bidaiatu izana leporatu dio Nazio Batuetako ordezkariari. Kritika horrek begien bistan uzten du AEBen lehentasuna ez dela uigurren patua arintzea, Txinaren kontra egiteko baldintzak elikatzea baizik.