Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Erreparazioa

Itzulpengintza erreparatzaileaz (reparative translation, ingelesez) mintzatu zitzaigun Emily Apter bi ordu iraun zituen tailerrean, baita zenbait adibide eman ere; horien artean, Natalie Diazen zenbait poema, non ingeles hizkuntza irauli egiten duen poeta mojaveak isilarazitako hori (hizkuntza eta esperientzia indigenak) azaleratzeko. Erreparatzaile itxura duten baina itxuran geratzen diren interbentzioak ere aztertu zituen Apterrek; esaterako, Faulknerrek bere obran kultura indigenei egindako keinuak.

Behin yoknapatawpha hitzaren jatorriaz galdetu eta hauxe erantzun zuen Faulknerrek: «Chickasaw indigenen hitz bat da, bai. Nire herrialdean lurrez gabetu zituzten indiarrak ziren. Hitzak “lautadan zehar mantso dabilen ura” adierazi nahi du, eta niretzat irudi atsegina zen hori, nahiz eta hitza bera atseginagoa izango zaion chickasaw belarriari gure belarriari baino».

Idazlearen adierazpenak gogoan (bere garaian zalantzarik gabe arras probokatzaileak izan zirenak), Wai Txee Dimock teorialariak galdetzen du erreparazio modu bat izan daitekeen hitz indigena bat erabiltzea AEBetako hegoaldean kokaturiko istorioen agertoki gisa.

Baina berehala arbuiatzen du aukera hori, agertokiari izena emateaz aparte, yoknapatawpha-k ez baitu inolako esanahirik Faulknerren pertsonaien (eta egilearen beraren) orainaldian eta, beraz, ez dago erreparatzekorik ezer: idazleak bere adierazpenetan azaltzen du chickasaw-ak “bazirela” (nahiz eta izan badiren) eta haiek lurrez gabetzea noizbait gertatu “zen” (orainaldiraino luzatzen den prozesua den arren).