Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren identifikazioa

Askotan agertzen da “identifikazio” hitza kulturgintzan diharduten eragileek idazten dituzten txosten eta hausnarketetan. Batez ere, euskal kulturgintzak dituen aje eta arazoak identifikatzeko eta jakiteko. Akatsa zehaztu, gero zuzentzeko; lehenbizi identifikatu non dagoen gure kulturaren usteldura eta zerk eragin duen egoera malapartatua. Esan dute euskal kultura gainbehera datorrela euskararen erabilera jaitsi delako.

Euskararen komunitatea urritu da. Ez dakienak ez du ahaleginik egiten, eta dakien populazioak gutxiago erabiltzen du. Nahiz eta Korrika, Kilometroak, Herri Urrats edo Ibilaldia euskararen jai bezala hartzen ditugun, bazter guztietan euskara gutxiago entzuten da. Hamaika aldiz identifikatu da euskal kulturgintzaren arazoa eta gutxitan iritsi gara arazoaren mamira.

Durangoko azokari ere egokitu zitzaizkion garai motelak; gaur egun arrakastatsua da, baina ailegatuko al da inoiz 250.000 bisitarira? 2022an egin da estreinakoz Galdakaoko azoka. Sormenek eta Ahotseneak lan aparta egin duten arren, 100 bisitari baino ez dira hurbildu azokara (hitzaldi eta kontzertuak barne). Bi CD baino ez nituen saldu (beste erakusmahaietakoak izan ziren erosleak). Izugarrizko inbertsioa, 100 lagun erakartzeko. Ziburuko azokak antzeko ajeak ditu. Zer egin arazoa identifikatu ondoren? Unibertsalizatu baino gehiago, euskara Euskal Herrian arrunt bilakatu.