Krisizenoa gurea!
Erlojuak danga, tximinoak baztanga. Tximino gizajoa, ezin zementura egokitu, nahiz eta hiriko etorri-bide eta joan-bideen bazterrak zuhaitz-lerroez mugatuak izan... Hori bai, plastikoz beteta zuhaitzen artekoa. Hortaz, ez dakit zergatik hiritzarra «oihana» deitua izan den askotan. Nago ni ordena gehiago dela oihan handian hiritzar txikian baino, berezko ordena edo, iraunkorra behintzat! Baina hirikoa? Inken esaera zaharra gogoan: «Igelak ez du bizi den putzua lehortzen».
Total, munduko ustezko ordena zena desordena ustela dela jakin dugu. Eta hemen ez du balio bertsolariarenak: «Senak agintzen digu zenari eustea». Ez gero, senak agintzen duena zena uztea da, eta denari bestelako bideak eman! Desordenak bizi gaitu, gutxienez azken ehun egunetan.
Leku bateko gerrak leku guztietan gatazka piztu. Krisi asko eta askotarikoak batera. Gosetea zabalduz doa eta garautegiak betetzen. Ohiko pentsamoldeetako joskerak apurtu egin dira eta hamaika hari askatu. Hortxe ganorak eskatua, hari baliotsuekin dabilen mataza osatu. Krisizeno aroa gurea. Lastima bizidun asko fosil ez direla!
Total! Arabako Mahastiak sortzeko bidean da. Eta kolpea hau ere! Handik gertu Ajuriaeneko Nahasteak ere sortzear, biak zein biak jatorri izen! Ardogileak han, auskalogileak hor. Zeren, ez dakit ote den udako ikastaroen usaina hasia delako hedatzen edo, hiztegi politiko ofizialak gero eta komodin gehiago ditu. Horra! Ajuriaeneko maizterrak «helburuetan argitasuna» eskatu du, eta segituan iraganeko jo du orain gutxi Europari eskatu zion «Argitasun Legea». Hori don/k eta! Argitasun itzalia gero! Foru-Nazioaz ez noakio galdetzera… Korsikan ibili da, lehen Quebecen legez, hemen isiltzen duena han plazaratzen.
Baietz hurrengo eskapada Balutxistanera!
Mila ogerleko!

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
