Greba batek Londreseko garraio publikoa geldiarazi du
Greba batek ia zerbitzurik gabe utzi ditu Erresuma Batuko hiriburuko metroa eta hainbat eta hainbat autobus linea. Soldata hobekuntzak eta lan baldintza hobeak eskatzen dituzte langileek.

Greba deialdi batek eragin handia izan zuen atzo Londreseko garraio publikoan, eta ia zerbitzurik gabe utzi zituen Britainia Handiko hiriburuko metro linea guztiak eta hainbat eta hainbat autobus linea. Trenbide eta Itsas Garraioaren Sindikatuak (RMT) deitu zuen mobilizazioa, soldata hobekuntzak eta lan baldintza hobeak eskatzeko. Sindikatuak salatu zuenez, hiriko garraioaren ardura duen Transport for London erakundeak 500 geltoki baino gehiagotako leihatilak kendu nahi ditu. Horrez gain, pentsio plana berrikusi nahi du 2025etik aurrera urtean 100 milioi libera aurrezteko (117 milioi euro).
Mick Lynch RMTko idazkari nagusiak hedabideei esan zienez, grebak jendearengan eragina izatea sentitzen dute langileek, baina, era berean, mobilizazioaren beharra nabarmendu zuen: «Gure lana egin eta zerbitzu on bat eskaini nahi dugun gizon-emakume arruntak gara, baina, enplegatzaile batek txikitu egin nahi zaituenean, eutsi beste aukerarik ez duzu».
Londreseko ia metro linea guztiak eta 63 autobus linea geratu zituen grebak, eta horrek nahasmena eta trafiko pilaketak eragin zituen Erresuma Batuko hiriburuan, nahiz eta herritar askok etxetik lan egin. Londreseko alkate Sadiq Khanek babesa adierazi zien langileei. «Gure garraioko langileak heroiak izan dira pandemia garaian: funtsezko langileak lanera joan ahal izatea posible egin dute. Baldintza drakoniarrak dituen pentsio plan bat ezarri nahi izatea ez da ahalegin hori saritzeko modurik onena», adierazi zuen.
Londreseko egoerari Erresuma Batuko 45.000 tren langileren greba ere gehitu zitzaion, tren sarea ia osorik geratu zuena. Kasu horretan, inflazioaren gorakadarekin bat datozen soldata igoerak eskatzen dituzte. Garraio Ministerioaren parte den Network Rail erakundeak 2.500 lanpostu kendu eta teknologia berriekin ordeztu nahi dituela ere salatu dute langileek.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
