Amaia ZURUTUZA
DONOSTIA
Interview
Garikoitz Nazabal
EHNE Gipuzkoako presidentea

«Euskal Herria lehen sektorerik gabe gelditzen ari da; egoera larria da»

Baserritar eta abeltzainak lehortearen ondorioak era larrian jasaten ari direla ohartarazi du EHNE Gipuzkoak, «aspalditik» pairatzen dituzten arazoetan sakonduz. Garikoitz Nazabal presidentea, NAIZ Irratian, lehen sektoreak Euskal Herrian izango duen etorkizunaz aritu da eta «elkarlana eta enpatia» eskatu du egoera bideratzeko.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Baratzetako fruta eta barazki asko erre egin dira eta abereak mendiko larreetatik baserrietara jaitsi behar izan dituzte askok. Ondorioz, negurako prestatutako elikagaiak xahutzen hasi dira dagoeneko. Honi gehitu behar zaio azken bi urteetan animalien lehengaien prezioak nabarmen garestitu direla, «%80».

Garikoitz Nazabal EHNE sindikatuko Gipuzkoako presidentea NAIZ Irratiko mikrofonoetan izan zen eta lehortearen eragina baserritar eta abeltzainen artean «bete-betekoa» izaten ari dela ohartarazi zuen. Egoera «luze» doala nabarmendu zuen; izan ere, udaberritik ari dira kolpea jasaten. Lurra oso lehor, «dena erreta» dago eta artzainen txaboletan eta ganaduen asketan ura falta da, «desastre» bat. «Udaberri normala joan izan balitz, gabezia guzti horiek estali egingo ziren, baina lehortea izugarria izaten ari da. Abereak jaitsi bai, baina nora?», galdetu zuen ezintasuna adieraziz.

Egoera honetan, neguan abereak elikatzeko udaberrian ekoitzi ohi duten bazka murritzagoa izan da aurten eta behar baino lehenago hasi dira «gastatzen». Ondorioz, «negu oso luzea» aurreikusten dute. Alternatiba elikagaiak erostea da, baina «oso garesti» daude. «Pandemia lehenik eta Ukrainako gerra ondoren, aitzakia asko espekulazio ariketa beldurgarriak egiteko», salatu zuen Nazabalek. «KPIra egokituko bagina, agian %50 garestituko litzateke saltzen duguna, baina hori ez da ematen. Kendu eta jarri ez, bukatu egiten da. Hor gabiltza, ahal den moduan», gehitu zuen.

Badaki «bero edo euri kolpeak» ezin direla kontrolatu, baina egoeraren aurrean nola jokatu erabaki daitekeela azpimarratu zuen. Hala, instituzioen aldetik «geldotasuna» nabari du eta «ur eskasia baten aurreikuspena dagoenean erreflexu gehiagorekin» jokatu behar dela iritzi dio. Hamar bat aska hutsik eta txaboletan ur falta egon arte eta abeltzainek eskaria egin arte ez dutela ezer egin kritikatu zuen.

Azkenean ari dira zisterna- kamioi batzuetan ura bideratzen, baina «hainbeste abereren larre diren mendi komunaletan fundamentu hau ikustea mingarria da», baieztatu zuen Nazabalek. Gaineratu zuen instalazio eta ur-biltegi askoren egoera ez dela egokia, ez dela mantentze lan egokirik egin. Eta arazoa azpiegituretatik hasten dela azaldu zuen. «Kamioiak zoru ona eskatzen du, fundamentuzko bide batzuk. Kamioi gidari bat aurkitzea, ausartuko dena zisterna hori igotzen, “ero” bat, urrea bilatzea bezala da. Horrek kate bat sortzen du. Era txarretan eramaten da ur hori eta gauza askotan bizia jokoan jarriz. Ezinezkoa da», nabarmendu zuen Nazabalek.

Larria da egoera aurrez ere bazuelako nahikoa arazo eta traba lehen sektoreak. Nagusiki «kostuak izugarriak dira eta gure produktuei ez zaie berdin eransten prezioan», azpimarratu zuen Nazabalek eta azpimarratu, gaur-gaurkoz Aralarko abeltzainen kasuan, «fundamentuzko biderik» ez dutela. Kexu da EHNE Gipuzkoako presidentea, «trabak besterik ez» ditugu.

Ohartarazi zuen lehen sektorea galtzen ari dela gure herria. «Sektorea faktore askogatik oso larri dago. Horrek jendea ikaragarri erretzen du. Sektore hau gabe geratzen ari gara». Aspalditik dator salaketa hau eta baserritarrak «oso katastrofistak» direla pentsatzen duenik egongo dela onartu zuen Nazabalek. «Aktiboak nola galtzen ari garen ikustea besterik ez dago», esan zuen.

Eta, era berean, esparru ezberdinetan burujabetza aldarrikatzen denean, «zeinek eman behar dio herri honi elikadura burujabetza, baserritarrik ez badago?», galdetu zuen EHNE Gipuzkoako presidenteak. Izan ere, baserritarrak «ezinean» dabiltzala baieztatu zuen eta lehen sektorearentzat ere lan baldintza duinak eskatu zituen. «Egunero 14 orduz aritzea ez da bideragarria».

Kezka bizia dute euren etorkizunarekiko, sektoreak zein leku izango duen aurreikusi nahian. «Sektore honengatik esan da askotan oso bokazionala dela, baina ezin da soilik horretan oinarritu. Gaur edo bihar, ogibide bezala hartzeko, karga handi bat ere sortzen ari da. Sektoreak zer leku izango du gure herrian? Asko eskatzen zaio, gertukoa, jasangarria, ekologikoena... Diskurtso hori oso ongi dago, baina gero ezin da baserritarraren ahalegina alde batera utzi. Kudeaketa alde batera uzten ari da ekologiaren izenean».

Egoera horren aurrean «elkarlana eta enpatia» eskatu zituen, nahiz eta jakin «politika faktoreak» sartzen direla «mokoka» dabiltzan instituzioetan. «Beste gizatasun batekin herrigintza egin behar da», aldarrikatu zuen, «hari batean gaudelako».