GARA
BILBO

Pentsioak KPI errealaren arabera egokitzeko eskatu dute Bilbon

Aste Nagusian, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazio jendetsua egin zuen atzo. Pentsioak KPI errealaren arabera egokitu daitezela eskatzeaz gain, adinekoen egoitzen publikotasunaren aldeko eta Osakidetzako murrizketen kontrako mezuak jaurti zituzten.

Erantzun zabala jaso zuen pentsiodunen deialdiak.
Erantzun zabala jaso zuen pentsiodunen deialdiak. (EUROPA PRESS)

Milaka pertsonak manifestazioa egin zuten atzo Bilbon, pentsioak KPI kontsumo prezioen indize errealaren arabera igo ditzatela aldarrikatzeko eta hileko 1.080 euroko pentsioa ezar dadila berresteko, baita «kalitatezko» zerbitzu publikoak eskatzeko ere. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Bilboko Aste Nagusiaren baitan deitutako ekitaldia jai giroan egin zen; txistularien doinuak eta talde feministen batukada bidelagun, besteak beste.

Martxa Moyua plazatik abiatu zen eta Areatzako jaigunerantz egin zuen, protestaren aldarrikapenak jasotzen zituen pankarta bat buruan zuela. Parte-hartzaileek “Osakidetzako murrizketarik ez” eta “Banka, lapurrak, itzul itzazue milaka milioiak” zioten kartelak ere bazeramatzaten, besteak beste. Adinekoen egoitza «publikoen» aldeko oihuak ere egin zituzten. Bizkaiko Aldundiari zuzenduz, gobernatzea ez dela pribatizatzea gogorarazi zioten.

Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaile Jon Fanok komunikabideen aurrean azaldu zuenez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeak, batez ere, emakumeei egingo lieke mesede, kopuru horretatik oso behera kobratzen baitute batez beste.

Zerbitzu publikoei dagokienez, berariaz aipatu zuen Osakidetza eta haren «desegitea eta pribatizazioa» salatu.

Fanok nabarmendu zuenez, Bizkaiko pentsiodunek lau urte eta zazpi hilabete daramatzate aldarrikapen horiekin manifestatzen astelehenero, eta datorren urriaren 15ean Madrilen ekitaldi bat egitekoak direla gogorarazi zuen.