Japoniak zazpi erreaktore nuklear eraikitzea babestuko du

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak atzo azaldu zuenez, Japoniako Gobernuak gutxienez zazpi erreaktore nuklear gehiago eraikitzea babestuko du, Fukushimako hondamendia gertatu eta hamar urtera eta Ukrainako gerrak areagotutako energia krisiaren erdian.
Hain zuzen, datorren udan jarriko lituzke martxan zazpi erreaktore horiek Japoniako Industria Ministerioak, «elektrizitate hornidura egonkorra bermatzeko» ahaleginen baitan. Horrela, Japoniak 17 erreaktore nuklear aktibo izatea espero du, dagoeneko onartuak izan diren hamar erreaktoreak kontuan izanik. Eraiki nahi dituzten zentralak belaunaldi berriko erreaktoreak izango dituzte, «segurtasun sistema berriak txertatuta izango dituztenak». Proiektua garatu ahal izateko, tokian tokiko instituzioen babesa beharko du Gobernuak, eta adituek diote ez dela erraza izango baiezkoa jasotzea.
Helburu zehatzak
Joan den uztailean Kishidak adierazi zuenez, asmoa neguan Japonian energia hornidura osoaren %10 ziurtatzea da, hilabete hotzei begira espero den argindar falta dela eta. 2030. urte fiskalerako, berriz, energia nuklearra elektrizitate horniduraren %20-22koa izatea jarri du helburutzat herrialdeak.
Aurtengo uda beroaren ondorioz aire girotuaren erabilera handitu egin denez, pauso bat atzera eman du herrialdeak etorkizunean karbono isurketa murrizteko helburuan. Hori buruan, Gobernuak uste du energia nuklearra eta energia berriztagarriak «funtsezkoak» direla «eraldaketa berdea egiteko». Izan ere, «Errusiaren inbasioak egoera energetiko globala aldatu» duela azpimarratu zuen.
Hala, Fukushimako hondamendiaren ostean, 33 erreaktoreetatik 10 soilik jarri dituzte berriro martxan. Horren ondorioz, iturri nuklearretik sortutako energia tasa %30etik %4ra murriztu da, eta hori galera gisa ikusten du Kishidak lehen ministroak, horrek kanpotik ekarritako erregai fosilen beharra dagoela esan nahi duelako.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
