Frankistek Sota familiari lapurtutako bi margolan Bilbora itzuli dira
De la Sota familiako kide ugari izan ziren atzo Bilboko Arte Ederren Museoan, frankismoak 1937. urtean konfiskatu eta aurten azkenik berreskuratu ahal izan dituzten bi artelanen aurkezpenean. Olio-pintura horiek Estatuko turismo paradoreetan zintzilikaturik zeuden; horregatik izan zen atzo Bilbon Industria, Merkataritza eta Turismo ministro Reyes Maroto. Museoa De la Sota sendiari buruzko erakusketa bat prestatzen ari da.

Bilboko Arte Ederren Museoak Cornelis van der Voort eta Luis de la Cruz y Rios margolarien garrantzi handiko bi lan aurkeztu zituen atzo. Sota familiak utzi dizkio museoari. Lan horiek Ramon de la Sota y Llano (1857-1936) euskal enpresaburuari konfiskatu zizkion diktadurak, eta haren oinordekoei itzuli dizkie Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak.
1937ko urriaren 5 eta 7an Bilboko Erantzukizun Politikoen Auzitegi Bereziak konfiskatu egin zituen Ramon de la Sota y Llanoren ondasunak; horien artean, bere arte bilduma ospetsua, Ibaiganeko jauregian bilduta zegoena. Ibaigane bera, egun Athleticen egoitza dena, kuartel militar bihurtu zuten.
Eugenio Ibarzabal idazle eta kazetariak sakon ikertu du sotatarrek pairatutakoa, “Los Sota: Esplendor y venganza” (Erein, 2021) liburuan. Bertan kontatzen denez, matxinada frankista gertatu zenean, sotaterrena Bizkaiko enpresa-talde garrantzitsuena ez ezik, Estatukoa ere bazen. Europan, lehen mailan zegoen. Sota y Aznar ontzi-enpresa, Euskalduna ontziolak, Saguntoko Labe Garaiak, trenbideak eta aseguru-enpresak zituzten. Frankistek, ordea, ondasun guztiak kendu zizkioten, nazionalistak zirelako. «Latrozinio bat izan zen», Ibarzabalen hitzetan. Horren erantzule nagusia Jose Luis Aznar, Sotaren bazkidea, izan zen, ikerlariaren arabera.
Ehun milioi pezetako isuna
Burgosko Kapitaintza Nagusiak 1938ko martxoan ebatzi zuen enpresaburuaren kontrako “erantzukizun politikoen espedientea”, eta ehun milioi pezetako isuna ezarri zion, frankismoan ezarritako handiena. Ondasunak kendu eta konfiskatutako koadroak Burgosera eraman zituzten, lehenik, eta Madrilera, gero; han, erregimeneko zenbait ministroren bulegoetan jarri zituzten apaingarri gisa.
Sota familiako kide gehienek erbesterako bidea hartu behar izan zuten baina, halere, 40ko eta 50eko hamarkadetan egindako tramiteei esker, koadro haietako batzuk jabe zilegiei itzuli zitzaizkien.
Erantzukizun politikoen ondorioz eratutako gordailuak itzultzeko magistratu-epaile bereziak, 1966ko azaroaren 10eko Indultu Dekretua betez, 1969an Administrazioari agindu zion bildumako 170 artelan konfiskatuak itzultzeko; horien artean zeuden “Martin Zapaterren erretratua”, Goyak 1797an margotua, eta Luis de Morales “El Divino Morales”-en Pietatea, 1568. urte ingurukoa, eta Bilboko Arte Ederren Museoari utzi zitzaizkion, handik gutxira. Hala ere, ez zen multzo osoa itzuli, eta ez zegoen koadroetako batzuen kokalekuaren berri; besteak beste, “Gizon gazte baten erretratua” (garai batean Frans Pourbusi margolariari egotzia) eta “Maria Kristina Borboikoaren erretratua” (Vicente Lopezi egotzia) falta ziren.
2018an, Ramon de la Sota y Aburtoren oinordekoetako batek “Gizon gazte baten erretratua” aurkitu zuen “Colección artística de Paradores de Turismo” bilduman; Almagroko paradorean zegoen, eta familiari jakinarazi zion, baita honek berehala erreklamatu ere.
Testuinguru horretan, orobat “Maria Kristina Borboikoaren erretratua” aurkitu ahal izan zuten. Ramón y Cajal abokatu taldea izan da oinordekoen ordezkari Ministerioarekiko auzian. Estatuko Turismo Idazkaritzak, aldez aurretik Estatuko Abokatutza Nagusiak aldeko txostena eginda, erabaki zuen erreklamazioa onartzea, aitortuz oinordekoek dutela koadroen titular gisa lehentasunezko eskubidea, Turespañak ezin izan baitu justifikatu erosketa titulurik.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
