Oihane LARRETXEA
XXXV. SAGARDO EGUNA DONOSTIAN

NATURAz eta usadioez

Gipuzkoako 40 sagardotegitako zukuaz gozatu ahal izan zen Donostiako 35. Sagardo Egunean. Tenperatura altuek eragina izan dute fruituan: sagarra txikiagoa dator eta azukre gehiagorekin. Ezurtea da, gainera; beraz, uzta urriagoa izango da. Bada beste nobedaderik; eta, nola ez, horri lotuta, eztabaida: sagardoa nola, edalontzian edo kopan?

Sagardoa kopan zerbitzatu zen; Bilbon urrian egingo den Sagardo Egunean hala egingo da.
Sagardoa kopan zerbitzatu zen; Bilbon urrian egingo den Sagardo Egunean hala egingo da. (Jon URBE | FOKU)

Jai giroa nagusitu zen lehen ordutik “Konstin”, eta eztabaidagai nagusia ez bada ere, berehala heldu zen gure belarrietara auzia. Izan ere, Donostiako 35. Sagardo Egunean sagardo guztia kopan zerbitzatuko zela jakinarazi zen duela egun batzuk eta, ohiturak aldatzea kosta egiten zaigunez, gaia ahotik ahora zebilen.

Moko, urdin sagarra, manttoni, frantzes sagarra, errezila… zerrenda amaigabea osatzen dute euskal jatorriko sagarrek. Horrela segi genezake 105 izen eman arte.

Felix San Sebastian Fruitel Gipuzkoako Frutazaleen Elkarteko arduradunak xehetasun zein berezitasun askoren berri eman zigun atzo, fruituaren errealitatea hobeto ezagutu ahal izateko.

Aurten, berehala jasotzen hasiko diren sagarraren hainbat ezaugarri aurreratu zituen San Sebastianek; adibidez, sagarra azukre maila handiarekin datorrela, eta bero handia egin duenez, datorren sagarra «konpaktuagoa dela». Kalitate aldetik propietate gehiago dituen arren, tamainari dagokionez txikiagoa da.

Aurtengo tenperatura altuek eta euri faltak ere eragina izan du kolorean eta, oro har, sagarra berdea dator. Gorriak edo gorrixkak direnek ia ez dute kolore horren zantzurik izango, eta antzeko kolorea izango dute denek. «Iaz gorriak zirenen heldutasun maila berera heldu dira, kanpotik berdeak izan arren. Egunez eta gauez izan diren tenperaturen artean ia kontrasterik ez da egon, eta horrek gorritasuna apaldu egin du», azaldu zuen.

Aurten, gainera, ezurtea da; alegia, sagarrondoek txandaka urte batzuetan ematen dute uzta oparoa, «urriagoekin» tartekatuz. Hala, 2021ean 5,8 milioi kilo sagar jaso ziren eta aurten, «kasurik onenean», 2,5 milioi kilo jasoko direla aitortu zuen.

aldaketaren arrazoiak

Sagarraren mundu miresgarria alde batera utzita, beste kontu nagusi bat zegoen plazan: sagardoa nola edan. Kopan edo edalontzian? Iritzi asko bildu arren, sutsuki koparen alde ez zen inor agertu. Gehienak mesfidati, baten bat haserre ere bai, eta beste zenbaitzuk derrigor izatearekin konforme ez. Ez zen aukeratzerik izan: sagardo guztia kopan zerbitzatu zuten.

«Ez gaude edalontziaren aurka, baina uste dugu kalitatez dastatzeko erreminta ona izan daitekeela kopa erabiltzea», argudiatu zuen Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak.

Agirreren ustez, hiru dira kopan edateak dituen alde onak: aromatikoki sagardoa edalontzian baino hobeto preziatzen da, eta hobeto gordetzen ditu bere ezaugarriak. Bestetik, txinparta ondo mantentzen du, denbora luzeagoan. Hala, tragoa ere pausatu daiteke. Horren harira, bi emakume, bata azpeitiarra eta beste donostiarra, irmo agertu ziren: «Sagardoa ez da modu pausatuan edateko. Trago laburra du, bizia eta unean edatekoa. Ez dezatela hori ere aldatu».

Hirugarrena estetikari lotutakoa da, estatus kontua, alegia. Eta hemen ere, kontrako argudioak; «sagardoak ez du ezer demostratu behar; are gutxiago beste edari batzuen aurrean», zioen etxetik basoarekin jaitsi zen Rosa Marik.

Txotx egiteko edalontzia mantenduko duten arren, Lizeaga eta Rezola sagardogileak aldaketarekin baikor agertu ziren, bereziki lehenengoa, eta probatzera behintzat animatu nahi izan zuten jendea. «Bi aukerak, edalontzia eta kopa, eskaintzea faltan bota dut, baina denborak esango du bide onetik goazen edo ez», esan zuen bigarrenak.