Sara IRIARTE
DONOSTIA
ELKANOREN MUNDU BIRAK 500 URTE

Elkanoren historia «argi eta ilun» guztiekin agertzeko prest da Getaria

500 urte atzera egin eta Elkanok gidatutako «Victoria» ontzia Getarian lehorreratu zeneko eguna ospatuko da gaur. Herrian ospakizuna nola bizi duten kontatu zuen Haritz Alberdi Getariako alkateak NAIZ Irratian.

Elkanoren lehorreratzearen antzezpena 2018an.
Elkanoren lehorreratzearen antzezpena 2018an. (Gorka RUBIO FOKU)

Munduari itzuli osoa eman zion lehen itsasontzi kapitaina izanik, historiako erreferentzia nagusietakoa da Juan Sebastian Elkano. Haritz Alberdi Getariako alkateak atzo NAIZ Irratian gogora ekarri zuenez, «Elkano getariar marinela izan zen, munduari lehen itzulia eman zion euskalduna».

«Berezia» da gaur ospatuko duten 500. urteurrenaren harira Getariako alkateak azpimarratu zuen hitza. «Berezia da 500 urte beteko direlako lehen mundu biratik, baita 100 urte beteko dituelako ere lehorreratzeak». Hori dela eta, «iristeko desiratzen» ari zela adierazi zuen. «Hiru urteko lan guztiaren amaiera, kakotx artean, izango da. Antzezlan berri hau nola geldituko den ikusteko gogoz gaude. Zabaldu nahi dugun mezu horrek bere lekua hartuko ahal du!».

Getariarrek beraien historia argi eta ilunekin idazteko garaia dela sentitzen dute, gaur egun besteek idatzitako istorioa baita ezaguna munduan. Alberdik azaldu zuenez, erabaki bat hartu zuten duela hiruzpalau urte: «Getariarentzako onura nagusia da erabaki genuela eseri eta erabaki egin behar genuela. Gure historia idazteko garaia iritsi da, argi eta ilun guztiekin. Gabezia handi bat ikusten genuen Elkano eta mundu biraren historia besteek idatzi dutelako, beraien begirada inperialistatik, beraiek izanik protagonistak».

«Ez genion beldurrik dena tratatzeari», berretsi zuen. «Getarian indarrak eta baldintzak zeuden geure historia geuk kontatzeko. Ikuspuntu ezberdinetatik eginez, istorio hori alde ezberdinetatik arakatuz». Hala, Elkanoren pertsonaiari nola, konkistatzaile eta konkistatua izateari ere begiratu diote. Gaur ikusiko da emaitza.