Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Taberna barraren inguruan piztutako harremanak eta ametsak

Baserritik hirira aldatu da Lopetegi familia; gurasoak eta lau seme-alabak. Nekazaritza izaera duen taberna zabaldu dute industriaren erritmo bizian mugitzen den gizarte baten erdian, eta goizetik gaueraino jendez beteta dago. Zerbitzu artean igarotzen den Ana, Raquel eta Miguelen bizitza, lanak sortutako harremana eta etorkizunean jarritako itxaropena, «Bar Gloria» (Susa) liburuan.

Nerea Ibarzabal irribarretsu atzo Donostian, liburua eskuan.
Nerea Ibarzabal irribarretsu atzo Donostian, liburua eskuan. (Maialen ANDRES FOKU)

1980ko hamarkadan kokatutako eleberria sortu du Nerea Ibarzabal Salegik, bere izenez sinatzen duen lehena, idazketan eskarmentua duen arren. Nekazaritza gune batetik industrializatutako hiri batera aldatu den Lopetegi familia du erdigunean, baita liburuari izena ematen dion Gloria taberna ere.

Bortxaketa batek abiatzen du trama, baina tabernaren atearen bi aldeetan gertatzen direnak hori baino gehiago dira. Hala, Leire L. Ziluaga editoreak aurkezpenean azaldu bezala, nobelak askotariko gaiak lantzen ditu: lana eta horren inguruan sortutako loturak, beharrak eta nekeak; desira esplizitua zein ihes egiteko desira; komunikazioa; gizonkeria; maitasuna; gaixotasuna, eta aipatu nahi izan ez dituen beste kontu asko ere, testuan gauza batzuk iradoki egiten baitira, baina irakurleak osatu beharko du argazkia emandako datuekin.

Patxi eta Bixenta gurasoak, Ana, Raquel, German eta Miren seme-alabak eta Miguel, tabernan txikitatik lanean aritutakoa, dira protagonistak; batez ere, Ana, Raquel eta Miguel, tabernan lan egitearen ondorioz betiko lotu direnak. Hiruren gaztaroa deskribatzen da batez ere, urte bereko udaberritik udazkenera igarotakoak, baina haurtzarora eta helduarora salto egiten du narrazioak, izan zirena eta izango direna ere erakutsiz.

Ibarzabalek duela bi urte izan zuen eleberrirako ideia, eta idazten hasi aurretik pertsonaiak eta lekuak nortasunez busti zituen; jendeak egin eta esaten duenaz gain, isiltzen duenak ere garrantzia du.

«Bizimodu aldaketa erradikal batera

presaka egokitu behar izan dutenen istorioa da “Bar Gloria”», adierazi zuen idazleak eleberria laburtuz.

Bertan, bi elementu nagusi daude: «Paisaia urbano batetik hazten ari den herri baten borborra eta ugaritasuna; lantegietako txanda aldaketako jende oldeak, goiz erdiko banatzaileak, sukurtsaletako langileak, garraiolariak... Eta bestetik, nekazaritzaren tradizioa. Lopetegi familiaren baserritar jatorriak erabat baldintzatzen ditu-eta haien oroitzapenak, ohiturak eta tabernaren beraren irudia eta izaera, inguruko herrietako landa eremuetako jendea erakartzen dutena».

Lanak harrapatutako jendearen bizitza kontatu nahi du Ibarzabalek, «hara eta hona dabiltzan bitartean filmatuta». Erakutsi nahi izan du «nola, esku bustien eta hanka minberatuen gainetik, haiek direna izateko indarrari eusten dioten, nola amesten duten, noiz eta zergatik hautatzen duten amiltzea edo altxatzea, eta zenbateraino dagoen hori haien esku».

Gizonezkoek menderatutako espazioak deskribatzen dira eleberrian, eta haien begiradapean hazi dira Gloria tabernako zerbitzariak ere, «haien elkarrizketak entzunez eta haiek esandakoari erantzun edo ez erabaki ezinda».