«Isildutako eskuak», emakume langileak aditzeko ariketa eta plazera
Seaskako lehen andereño izan zen Libe; Milagros otsagabiarra, zortzi urterekin unai lanetara bidali zutena; Mercedes eta Rosario, Atarrabiako paper fabrika batean bi alditan aritu zirenak; Pilar, Gasteizko Areitioko kremailera fabrikako langilea, Martxoaren 3ko borroketan zuzen inplikatua... Gerra ondoko Euskal Herriko 14 emakume langileren ahotsak bildu ditu Jon Abril Olaetxeak, Tene Mujika Saria irabazi zuen liburuan.

«Memoria ariketa bat izan da, isilaraziak izan direnei ahotsa eman nahi izatea, ikusezina agerian paratzea, ikusten ez dena ez delako existitzen neurri batean», azaldu zuen atzo Jon Abril Olaetxeak “Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian” liburuaren aurkezpenean. Debako Udalak ematen duen Tene Mujika Saria irabazi zuen proiektuak iaz, eta urtebeteko lanaren ondotik orain argitaratu du beratarrak, Elkarrekin.
«Gizonok idatzi eta kontatu izan dugu historia. Gizon baten eskua badago hemen, baina protagonismo osoa emakumeei eman nahi izan diet, ahantziak izan direlako, zer erranik ez etxetik kanpoko lanei lotuta». Kontakizun nagusi horretatik ihes egin eta gure historia guk geuk osatzeko beharra dugula defendatu zuen Abrilek. Tene Mujika bekak horretan laguntzen du, hain zuzen.
Donostiako Udal Liburutegian egindako ekitaldian, Xabier Mendiguren editoreaz gain, Aritz Larrañaga Debako Udaleko zinegotzia izan zuen lagun egileak. Bi proiektu on zeudela ikusita, bi sari eman zituzten, diruaren bikoitza jarrita. Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren “M ama eme ume” eta “Isildutako eskuak” hau izan ziren sarituak, emakumezkoen eta feminismoaren ikuspegitik eginak biak. Lehena bere bidea egiten ari da arrakasta handiz, eta Abrilena ere emankorra izatea espero dute.
Euskal Herri osoan barneko bidaia
«Aditzea» izan da egilearen lana eta «plazera». Hamalau emakume elkarrizketatu ditu. «Euren bizipenak, errealitateak aditu ahal izan ditut; bada erreparazioa egiteko modu bat. Hagitz barneratua dugu gure gizartean emakumeak ez zirela ia etxetik kanpo lanean aritu. Uste hori ez da kasualitatea; frankismoak eraiki zuen, lege bat ere ezarri zuen ezkondutako emakumeen presentzia lan merkatuan murriztu edo debekatzeko».
Liburuak bere mugak dituenez, 11 lanbide aukeratu ditu, Euskal Herriko geografiarekin lotuta, lekuaren arabera ogibideak ezberdinak izan direlako. Mapa bat osatu eta bidaia bat egin du, ahalik eta geografia zabalena islatzen saiatuz.
Inspirazio iturri izan zuen 2016an estreinatu zuen “Neskatoak” dokumentala; liburuaren lehen atala haiei eskainia da. Euskal Herriko 80 herritan eskaini zuten filma eta guztietan emakumeak azaltzen ziren bizipenak kontatu nahian, neskato eta bertze ogibide batzuetan ere ibiliak.
Hamaika lanbide eta hamalau bizitza historia biltzea hortik dator. Fina eta Belen ageri dira, Lodosa eta Ondarroako kontserbetan aritutako bi emakume, barazkiekin bata eta arrainekin bestea; Pilar, Gasteizko Areitioko kremailera fabrikako langilea, Martxoaren 3ko borroketan zuzen inplikatua; Marta, Trapagarango multinazional bateko borrokalari sutsua...
36ko gerra garaian hasi eta 80ko hamarkadara arte lan mundura sartu ziren emakumeak dira. «Liburuak agerian paratzen du frankismoak eta elizak eurengan eragin zuten errepresioa. Soldata arrakala azaltzen da; emakumeek etxetik kanpo lan egin behar ote duten eztabaida. Oraindik ere bereizten ditugu gizonen eta emakumeen lanak».
Emakumeen prestutasuna «erabatekoa» izan da hasieratik. Batek erraten zion izugarri lotsatia zela, baina uste zuela kontatu beharra zegoela. «Ahaztuak izan direla sentitzen dute, euren lanak eta borrokak galdu egin direla. “Nire historiak balio al du zerbaiterako?” zalantzarekin hasi ziren arren, gero ikusi zuten baduela zentzua osotasunean».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
