GARA
JERSON

Errusiara batzeko galdeketak abiatu dira lau herrialdetan

Donbassen, Khersonen eta Zaporizhiako zenbait tokitan galdeketak abiatu zituzten atzo. Errusian sartu ala ez bozkatzen ari dira, Krimean 2014. urtean gertatu zen bezala, eta Moskuk oniritzia emango dio emaitzari. Galderak ezberdinak dira lekuaren arabera.

Haur bat Z ageri duen kamiseta eta Donetsk-eko banderarekin.
Haur bat Z ageri duen kamiseta eta Donetsk-eko banderarekin. (AFP | AFP)

Donetsk eta Luhansk errepubliketako eta Ukrainako Kherson eta Zaporizhia eskualdeetako eremu batzuetan deitutako erreferendumetako bozketa-prozesua atzoko lehen orduan hasi zen. Ukrainak eta nazioarteko komunitateak esan dute prozesuak ez duela zilegitasunik, baina Moskuk ontzat hartuko du emaitza, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan duenez. Lurralde-gatazka agerian gelditzen da honekin, 2014an Krimean gertatu zen bezala (hor Errusiarekin batzeko aukera nagusitu zen).

Bozketak ez dira lurralde horien eremu osoan egingo. Donetsk-eko %40 inguru Ukrainaren menpe dago, Khersonen %5a eta Zaporizhian %30a. Errusiak hauteslekuak ireki ditu hainbat hiritan errefuxiatuek botoa eman dezaten. Bozketa prozesua irailaren 27an amaituko da.

Khersonen eta Zaporizhian galdera bati erantzun beharko diote: «Eskualdeak Ukraina uztearen, Estatu independente bat sortzearen eta Errusiaren parte izatearen alde al zaude?». Donbassekoak beste ezaugarri batzuk ditu. Donetsk eta Luhansk errepubliken kasuan -Putinek onartu zuen haien independentzia, inbasioa hasi baino lehen- boto-emaileek esan beharko dute «errepublika Errusian sartzea» babesten ote duten «Errusiako Federazioaren erakunde konstituziogile gisa».

Putinek iragarri du Moskuk erreferendum horien emaitza onartuko duela, Ukrainako gerra dela eta. «Beren etorkizunari buruzko erabakia babestuko dugu, Donetsk eta Luhansk herri errepubliketako eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeetako biztanle gehienek hartuko dutena», esan zuen, eta gaineratu, Errusiak «baliabide guztiak» erabil ditzakeela Errusiako «lurralde osotasuna mehatxatua izanez gero.