GARA
PILOTA

Arrizabalaga-Capellanek sufritzen jakin dute

Eskuko arazoak gaindituta, gernikarrak iazko garaipena errepikatu du, final estuan, Aldai-Erasuni 22-20 gailenduta. Gaur gizonezkoen finala jokatuko da: Jaka-Mariezkurrena/Altuna-Martija.

Arrizabalagak eta Capellanek jantzi zituzten uda itxi duen torneoko txapelak.
Arrizabalagak eta Capellanek jantzi zituzten uda itxi duen torneoko txapelak. (EMAKUME MASTER CUP)

Olatz Arrizabalagak, jokatutako bi edizioetan txapeldun irten denak, eta Andrea Capellanek irabazi zituzten San Mateo txapelketako elite mailako pilota mistoko bigarren edizioko txapelak, Adarragan, sarrera politarekin jokatutako final orekatuan, Amaia Aldai eta Itxaso Erasuni 22-20 gailenduta. Pilota goxoarekin, Cristina Saenz eta Alejandra Bilyak errioxarrek lortu zuten txapelketa, Ana Couto eta Nagore Aramendi 22-17 gaindituta.

Ez da ohikoa izaten horrelako finaletan, baina kontua da emozioa eta tentsioa izan zirela atzo Logroñon jokatu ziren bi partiden ezaugarri nagusiak. Duela pare bat asteko Udako Torneoko finalean Amaia Aldai eta Andrea Capellan 22-7ko emaitzarekin gailendu baziren, atzo elkarren aurkari izatea egokitu zitzaien; sanmateoetako finaleko partida Zumaiakoaren antipodetan egon zen eta sufritzeko eta zoritxarrari aurre egiteko gaitasuna izan da txapela lortzeko Olatz Arrizabalagaren sekretua.

Eta kontuan hartuta finalaren lehen erdian partida oso maldan behera jarri zitzaiela, Itxaso Erasunen hasiera zalantzakorrari etekina ateratzen jakin zuten, sei eta zazpi tantoko errentak kudeatzeraino. Olatz Arrizabalagak ezin izan zuen Santo Domingo de la Calzadan finalerdietan erakutsitako bikaintasuna mantendu tantoak amaitzerako orduan, baina Andrea Capellan, aldiz, askoz seguruago ibili zen eta bikote sendotasun horrek, aurkariek izan ez zutenak, markagailuan ihes egiteko aukera eman zien.

Hala ere, Amaia Aldaik ez zuen irabazteko geratzen zaion txapelketa bakanetako bat gabe geratu nahi: bikotearen pisua bizkarrean hartu eta, errematean arriskuak hartu eta asko asmatuz, lehenik markagailua 16ra berdindu zuten -ordurako Erasunek ondo hartua zion neurria partidari-, geroxeago erabakigarria zirudien hiru tantoko errenta hartzeko. Hala ere, Arrizabalaga-Capellanek, hortzak estututa, partidari eusten jakin zuten, oso maldan gora jarri zitzaien egoera aurrera ateratzeko (22-20).

MARIEZKURRENA INDARTSU

Atzo emakumezkoen finala jokatuta, gaur gizonen txanda izango da Adarragan eta bertan Jaka-Mariezkurrenak eta Altuna III.a-Martijak jokatuko dute ikusmin handia piztu duen partida.

Ezbairik gabe, Berriozarreko atzelaria da uda honetako protagonista nagusia eta udako laugarren finala jokatuko du Iruñean, Bilbon eta Donostian irabaztea lortu ondoren. Horretarako, aspaldi erakutsitakoa baina distira gutxiagorekin izan zen arren, 22-16 irabazi zieten Peña II.a-Albisuri jarraitutasun handiegirik gabeko partidan.

Azkenerako nahi baino pilota gehiago galdu zituen arren, hortik ilundu zitzaion pixka bat gaua atzelari nafarrari; Mariezkurrenak lehen tantotik dominatu zuen Jon Ander Albisu eta azkenerako ataundarrak ezin izan zion aurkariak ezarritako erritmoari eutsi.

7-1 aurreratu ziren litzartzarra eta Mariezkurrena, eta aldeari arazo handiegirik gabe eutsi zioten, nahiz eta erdi aldera gipuzkoarrak 11-8 gerturatu zitzaizkien. Bigarren erdian, ordea, Erik Jakak asko asmatu zuen errematean eta garaipen eroso samarra lortu zuten.

Gaurkoan ere atzean egon daiteke partidaren giltza. Pentsatzekoa da Maeriezkurrenak asko dominatuko duela Martija, eta Jokin Altunak bere aukerak sortzen eta bukatzen asmatu beharko du.