J.O.
DESAFIOA

Irribarriak berriz ere buruz buru gozatuta lortu ditu Aspek 600 botilak

Aspaldi ez bezala gozatu zuen Irribarriak.
Aspaldi ez bezala gozatu zuen Irribarriak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gaurko finalean gertatzen denaren zain, pozik egoteko moduan daude Aspeko ordezkariak, hiru berri on izan baitzituen eurentzat Adarragan jokatutako K-Pilota txakolinaren Desafioak: lehenik, euren artean banatuko dituzte jokoan ziren 600 botilak; Javi Zabalak nota onarekin pasatu zuen lehen mailako estelarretan aritzeko lehen azterketa eta, batez ere, aspaldiko partez, Iker Irribarriak gozatu egin zuen Buruz Buruko partida bat jokatzen.

Partida bana irabazita -Bakaikoak 18-12 irabazi zion Elordiri kaiolan eta binaka Zabala-Zabaleta 22-11 Peña II.a-Imazi- buruz buruko lehian erabaki zen dena eta desafioan gertatu bezala, behetik gora egin behar izan zuen Irribarriak, sakearekin bereziki asmatuta, 4-0 aurreratu baitzen Artola.

Hala ere, aspaldiko mamuak azaldu aurretik hasi zen aramarra pilotakadak gozatzen eta, 11-0eko partzial batekin, lehia erabat bere aldera eraman zuen. Alegiarra ere esker oneko arerioa izan zen Irribarriarentzat, zuzen jokatzeko aukera eman baitzion eta joko horretan ia ezinezkoa da goierritarrari aurre egitea.