Irregulartasunez beteta, hasi da Parlamentuko Mahaiaren epaiketa

Atzo hasi zen Kataluniako Auzitegi Nagusian aurreko legealdiko Parlamentuko Mahaiaren aurkako epaiketa. Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak desobedituz, autodeterminazio eta monarkiaren gaineko debateak tramitatzeagatik daude auzipetuta Roger Torrent presidente ohia eta Josep Costa, Eusebi Campdepadros eta Adriana Delgado mahaikide ohiak.
Irregulartasunak izan dira nagusi hasieratik prozesuan, eta hasi bezain pronto ikusi zen epaiketa errepikatu beharraren arriskua. Prozesuan zehar, hiru kideko tribunaletik bi auzitik apartatuak izan ziren, defentsen eskaerengatik, inpartzialtasun falta argudiatuta. Azken orduko mugimendu batean, ordea, Fiskaltzak errekusazioetako baten kontrako helegitea jarri zuen. Onartua izanez gero, atzo hasi eta bihar bukatuko den epaiketa errepikatu beharko litzateke.
Horri helduta, alde guztiek eskatu zuten atzo epaiketa berriz atzeratzea, bai defentsak, bai Fiskaltzak eta baita auzira agertutako Voxek ere. Carlos Mir tribunalaren buruak, ordea, eskaera horiek baztertu eta aurrera jarraitu zuen juridikoki argudio xelebre bat erabiliz: «Bizitza honetan ausarta izan beharra dago».
Fiskalaren abisua
Epaiketak ez zuen atzo prozedurari dagokionez interes handiko beste ezer utzi. Egun garrantzitsua biharkoa izango da, akusatuen deklarazioekin, hor ikusiko baita oso ildo desberdinak hautatu dituzten defentsen arteko talka -ERCko Torrent eta Delgado, batetik, Juntseko Campdepadros, bestetik, eta Costa, Juntsekoa ere, bere aldetik-.
Baina oharkabean pasatu ez zen mezua utzi zuen Joaquin Perez de Gregorio fiskalak. Bere ustez, epaiketa atzeratu eta blokeatzeko arrazoietako bat Espainiako eta Kataluniako gobernuek adostutako ‘desjudizializazioa’ izan daiteke, edo behintzat hori dioen zurrumurrua zabaldu da. «Ziur nago zurrumurru honek ez duela tribunal hau baldintzatuko», esan zuen. Perez de Gregorio beste fiskalak esandakoetatik urrundu zen hitz horiekin. Izan ere, Assumpta Pujol fiskalak epaiketa behin-behinean bertan behera uztea eskatu zuen atzoko saioaren hasieran.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
