Kolpetik kolpera, sariak
Kolpea gero! Hegaluze baten neguko migrazio ibilbidea erregistratu berri dutela irakurri dut nire prentsan nonon. Nonbait Kantauriko aleren batzuei jarritako marka elektronikoari esker igarri dute igeri-bidearena. Marka gero, marka horrena! Atlantiko urruneko inguruetan hibernatzen dutela! Ehunka metroko sakoneran! Uretan blai, gero! Harrapa ezak/n! Irak/n!
Eta pentsatzen hasita, ditxosozko berrikuntza gogoan, zergatik ez zioten horrelako txipa jarri gure Estatus Berriko ale hari, artean Legebiltzarreko mahai gainean bero zegoela? Total, gaur da eguna non ez dakigun zein ozeanotan den; jakin dakigun bakarra da urteko sasoi guztiak hibernatzen ematen dituela, eta sakonera handian!
Total berriro, hega luzea edo laburra izanda, atuna pasatu zait burutik. Herri atuna! Eta segituan Legebiltzarreko duela gutxiko konklabean Ajuria Eneko maizterrak luzatutako herri itunak ere buru beretik pasatu. Hain izan da Enea hori iraganeko itun sorleku! Tira, gaurko harira! Herri ituna behar dugu gaur eta hemen, behinola ekialde hurbileko kristau-zaleek Itun Berria eta Zaharra beste; hori bai, zentzuz mamituta oraingoa, denboraren eusle! Baina, horretarako, belarriprest eta ahobizi gehiago behar dira konklabeotan! Portzierto, hauxe kolpearen kolpea, zutabe honen hasierako kolpea baino kolpeagoa, baietz ostia! Nire prentsan irakurria hau ere: «Justizia ulerterraza egiteko plana aurkeztu dute». Ez dakit orria ala hostoa, zer izango. Baina nago ni justizia zer demontre hori ulerterraza egiten lortzen duenak bi Nobel Sari mereziko lituzkeela: Literaturarena, bata, Bakearena, bestea. Edota hirugarren bat ere bai, Jostunena, ia behingoz abokatuen toga konpost-kutxan amaitzen den. Bai, badakit, ez da erraza izango toga konpostatzea, baina sikiera harrek goza dezaten ibilbidea!

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
