«Arabako Mahastiak» jatorri-izen berria babestu du Lakuak
Lakuak espainiar Nekazaritza Ministerioaren erabakiaren zain egongo zela iragarri bazuen ere, atzo EAEko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zenez, proiektuarekin bat egiten duten upeltegiek «Arabako Mahastiak» jatorri-deiturapean merkaturatu ahal izango dituzte ardoak espainiar Estatuan. Aldi baterako baimena da, azken erabakia Europar Batasunari dagokio eta.

EAEko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) atzo argitaratu zuen Arantza Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko urriaren 7ko Agindua, “Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava” jatorri-deitura babestua onartu eta «babes nazional iragankorra» ematen diona.
Aldi baterako baimena da, Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA) uztailean tramitatu zuen eskaerari erantzuteko. Izan ere, azken erabakia Europar Batasunari dagokio eta, aurka eginez gero, elkarte horrek marka hori kendu beharko du.
ABRAk proposatutako zuzendaritza batzorde batek beteko ditu Kontseilu Arautzailearen eginkizunak etiketak eta horien erregistroak kudeatzeko, harik eta arautegia eta horrek dituen organoen eraketa onartu arte.
ABRA, «pozik»
Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea pozik agertu zen lortutako bermearekin. ABRAko zuzendari kudeatzaileak, Ines Baigorrik, Efe agentziari azaldu zion mahats bilketa amaitu denez eta izendapen berri hau sortzeko prozesua hasi berri denez, ziurtzat jotzen dutela etiketa berria ez dela datorren urtera arte merkaturatuko.
Errioxako Gobernua zein Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua (JDK) Arabako marka berriaren aurka daude eta honek prozesu bat hasi du inskribatutako mahastien esklusibotasuna blindatzeko. Horrek eragotzi egingo luke “Arabako mahastiak” izenekoan bildu nahi diren upeltegiak JDKaren babespean egotea. Errioxako PPk bertako Diputazioari errekurtsoa jartzeko eskatua dio dagoeneko.
Errioxa JDK
Errioxa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak iragarri zuenez, ostiral honetan egingo duen bilkuran aztertuko du zein neurri hartuko dituen. Dena dela, Lakuako Gobernuaren erabakiarekiko «desadostasun osoa» azaldu zuen eta «auzitara jotzeko ekintza administratiboa» dela ere azpimarratu zuen.
Bestetik, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek berretsi zuen bere Gobernuaren nahia dela «borondate gehiago eta adostasun handiagoa batzen dituen Errioxa aterkipean egingo den Arabako Errioxako jatorri-deitura bat sortzea».
Ildo beretik, Lakuako bozeramaile Bingen Zupiriak adierazi zuenez, administrazio prozedurak ez zion Urkulluren Exekutiboari «eskaera onartzea beste aukerarik uzten».
EH Bildu, aldiz, «oso pozik» agertu zen. Eva Lopez Arroyabek «ibilbide luzea» izan dela ekarri zuen gogora eta erakundeei eskatu zien «ekimen hau berdintasunez tratatzeko». «Eredu propio bat jaio da, lan egiteko beste forma bat», txalotu zuen.
Urkulluren Gobernuan EAJren kide den PSEren iritziz, ordea, Lakuak “Arabako Mahastiak” markari eman dion babesa «akats handia» da. Cristina Gonzalez alderdi horretako Arabako idazkari nagusiak eta Enplegu Sustapenerako eta Merkataritza eta Turismo foru diputatuak adierazi zuenez, Bruselak zer erantzungo duen jakin gabe deitura horri behin-behineko babesa ematea «ez da zentzuzko jokabidea».
«Beti esan izan dut Errioxa Jatorri Izenetik eta nazioartean ezagunak garen izendapenetik bereiztea akatsa dela», nabarmendu zuen.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
