GARA
BAIONA

Ipar Euskal Herriko AEK-ko ordezkariek baliabide duinak eskatu dituzte

AEK-ko ordezkariek agerraldi jendetsua egin zuten atzo Baionan. Nabarmendu zuten helduen alfabetatze prozesua aitzina eramateko aukera berriak sortu direla azken urteotan eta, era berean, «baliabide duinak» eskatu dizkietela Ipar Euskal Herriko erakundeei.

Ikasturte honetan 1.600 ikaslek izena eman dute Ipar Euskal Herriko AEKn. Emendatze etengabea sumatzen da, eta ez soilik ikasleen aldetik. Kurtso eskaintza gero eta anitzagoa du erakundeak, eta formakuntza mailan kalitate berme ziurtagiriak ere lortu ditu.

Izan ere, garapen baikor hori ez dator bat, bere langileengandik hasita eta egitura berarekin jarraituz, AEK-k sumatzen duen baliabideen eskasiarekin. Horregatik, atzoko agerraldi jendetsuan «prekaritate jasanezina» pairatzen dutela salatu zuten.

«Hizkuntza politikaren berme diren instituzioetatik» engaiamendu eta apustu eskasa dagoela deitoratu zuen Ihintz Olidenek. Bere esanetan, baliabideen falta horrek helduen euskalduntzeak ukan ahal lukeen garapena trabatzen du.

Euskal Konfederazioko ordezkaria den Sebastien Castetek «prekaritate egoera» AEKz harago doala mahaigainean jarri zuen. «AEKn bezala, euskalgintzako beste elkarteetako langileak prekaritatean dira», salatu zuen. Beraz, Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) bere aurrekontua bikoizteko galdegin zion.

Finean, Baionan eginiko prentsaurrekoaren bidez hiru lurraldeetako instituzioei eskatu zieten helduen euskalduntze arloaren alde baliabide praktikoak eta sendoak emateko.