GARA
GANTE

Jaione Jauregi presoari babesa adierazi diote Ganteko Auzitegian

Jaione Jauregiren aldeko taldea Ganteko Auzitegiaren aurrean bildu zen atzo, non espainiar Estatuak egindako Europako Atxilotze Aginduaren luzapena aztertu zuten. «We love Jaione» (Jaione maite dugu) zioen pankartaren atzean elkartu ziren.

Jaione Jauregiri babesa adierazi zioten Ganteko Auzitegiaren atarian.
Jaione Jauregiri babesa adierazi zioten Ganteko Auzitegiaren atarian. (WE LOVE JAIONE | WE LOVE JAIONE)

Jaione Jauregiri babesa ematen dion “We Love Jaione” taldeak elkarretaratzea egin zuen atzo Ganteko Auzitegian, non espainiar Estatuak egindako Europako Atxilotze Aginduaren luzapena aztertu zuten. Azaroaren 2an berriz elkartuko da epaitegia eta, beraz, oraindik ez da erabakirik hartu. Onartzen baldin bada, prebentziozko espetxealdi berri bat has daiteke, guztira lau urtez luza daitekeena.

Jauregik bi urte daramatza espainiar Estatuan preso, Belgikak Espainiara bidali zuenetik. “We Love Jaione” kolektiboak gogorarazi zuenez, espainiar Justiziak 1981eko urtarrilean izandako atentatu batean parte hartu izana leporatzen dio presoari, baina hark beti ukatu du hori. Akusazioari eusteko froga bakarra beste atxilotu batzuen deklarazioak dira. «Poliziaren galdeketa batean egindakoak, abokaturik gabe eta preso horiek inkomunikatuta zeuden bitartean» lortu ziren, taldearen arabera.

Kolektiboaren hitzetan, «auzitegiek ez dute frogarik aurkezten»; 2022ko martxoan lekuko batek egindako deklarazioa izan da salbuespen bakarra, «eta ez zuen Jaione atentatuaren egile gisa identifikatu».

“We Love Jaione” taldeak salatu zuenez, «oraindik ez dago froga zehatzik, ez epaiketarik, ez eta defentsa publikorako aukerarik ere». Prebentziozko espetxealdiaren luzapen eskaerak «erakusten du espainiar Justiziak Jaione edozein modutan gatibu eduki nahi duela».

Hala, presoaren prebentziozko espetxealdia amaitzeko eta aske uzteko eskatu zien Estatuko auzitegiei. «Atzerapenik gabeko epaiketa justua ere eskatzen dugu. Europako atxiloketa aginduaren luzapena arbuiatzen dugu. Espero dugu Ganteko Auzitegiak norabide horretan ebaztea».