Amaia ZURUTUZA
GARA
Interview
Pello iriarte
Iruritako alkatea

«Multinazional bati ahalmen guztiak ematen dizkiote guri lurrak kentzeko»

Magna multinazionalak Erdizen eraiki nahi duen meatzeari buruzko galdeketa egingo dute Baztanen datorren azaroaren 20an. Iruritako alkate Pello Iriartek NAIZ Irratian salatu zuen udalez gaindiko eragina duen plan sektorial gisa tramitatu nahi dutela egitasmoa, nabarmendu zuenez, «gure gainetik pasatzeko».

Pello Iriarte, lehen lerroan, Baztango alkateek herri-galdeketa aurkezteko egin zuten agerraldian.
Pello Iriarte, lehen lerroan, Baztango alkateek herri-galdeketa aurkezteko egin zuten agerraldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Baztango alkateek agerraldia egin zuten joan den asteburuan, azaroaren 20an herri galdeketa egingo dutela jakinarazteko, Erdizko bazkaleku komunalean Magna multinazionalari meatze bat irekitzeko baimena ematearen inguruan. Magnari meatzea egiteko baimena eman ala ez; horixe erabakiko dute herritarrek.

Magnak proiektua udalez gaindiko plan sektorial gisa tramitatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari eta Legebiltzarra horren alde agertu da Navarra Suma, PSN eta Geroa Bairen baiezko botoekin.

Azaroaren 20ko galdeketarekin, proiektuaren inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeaz gain, salatuko dute egitasmoa Baztango instituzioak alboratuz egin nahi dutela, Pello Iriarte Iruritako alkateak atzo NAIZ Irratian azaldu zuenez. «Alkateok batzarkideak gara eta guk kudeatzen ditugu herri lurrak, baina gure gainetik pasatu nahi dute. Ez digute inolako ahalmenik eman», gaitzetsi zuen.

Zehaztu zuenez, sei mende daramatza Baztango Batzar Nagusiak bertako lurrak kudeatzen eta orain hitza kendu nahi diete. «Orain 600 urte Nafarroako erregeak Baztango lurrak eskuratu nahi zituen eta horrela sortu ziren Batzar Nagusiak eta Baztan. Mendeak pasatu ondoren, baztandarrok gure herri lurrei buruz erabakitzeko ahalmena izan dugu, eta bat-batean hitza kendu nahi digute», azaldu zuen Iruritako alkateak.

Galdeketa egiteko bigarren saiakera izango da datorren azaroaren 20koa, aurrez egin nahi zutenerako ez baitzuten baimenik jaso, ez espainiar Gobernuarena, ezta Nafarroako Gobernuarena ere. Oraingoan, beren arau propioak erabiliko dituzte galdeketa egiteko, Baztango ordenantzak herri galdeketak egiteko aukera onartzen baitu, alkatearen esanetan. «Saiatuko gara herri galdeketa bat egiten, parte-hartzaileek esango dute bai edo ez, baina, berez, kontsulta egiten ere ez digute utzi», azaldu zuen irratian Pello Iriartek.

Naturagunea eta bazkalekua

Iriartek irmoki salatu zuen Baztango erakundeen boterea multinazional bati eman nahi diotela.

Meategia eraiki nahi duten eremua babesturiko naturagunea da baina, horretaz gain, nekazari askoren lan eremua ere bada, bertara eramaten baitituzte animaliak.

Gogora ekarri zuenez, mendeak daramatzate eremua bazkaleku gisa erabiltzen. «Multinazionalak beti ari dira esaten lanpostuak sortuko dituztela, baina kontuan hartu behar dugu, lanpostuez aparte, Erdiz ez dela soilik naturgune bat, bazkalekua ere badela. Meategiak agortu egiten dira, baina honek mendeak daramatza bazkaleku bezala funtzionatzen», argudiatu zuen.

Magnaren bigarren saiakera

Duela hamasei urte ere saiatu zen Magna multinazionala Erdizen meategi bat eraikitzen, besteak beste, lurraldean enplegua sortuko zuela iragarriz, baina herritarrek irmo adierazi zuten aurkako iritzia.

«Egon ziren manifestazio ezberdinak eta enpresa konturatu zen proiektua egiteko zailtasunak zituela. Dena den, lanpostu berriak proposatu zituen arren, Baztango jende pila bat kontra agertu zen», gogoratu zuen Iriartek.

Hala eta guztiz ere, oraingoan, Baztango herritarrak aintzat hartu gabe eta, Iruritako alkateak salatu zuenez, «gure gainetik pasatzeko», Erdizen egin asmo den proiektua udalez gaindiko eragina duen plan sektorial gisa tramitatuz egikaritu nahi dute.

«Irudi du segun eta zein etortzen den, segun eta zer nahi duen, ematen diotela halako ahalmen bat. Guri kentzen digute erabakitzeko eskubidea, eta beste batzuei, kasu honetan multinazional bati, ahalmen guztiak ematen dizkiote guri herri lurrak kentzeko», gaitzetsi zuen Pello Iriartek NAIZ Irratian.