«Euskaraz bizitzeko aukera eman behar zaie herritarrei»
Astebete baino gehiago da Euskaraldia abiatu zela. Erronkari neurria hartzen goazen bitartean, ekimenean parte hartze hutsak elementu esanguratsua dakarrela deritzo Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politika sailburuordeak. Euskarak dituen egungo erronkei elkarlanetik eusteko hautua egiten duela adierazi zuen NAIZ irratian eskainitako elkarrizketan.

Hamabost egunez hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean parte hartzen ari direnen jarrera eskertu nahi izan zuen Miren Dobaranek lehen astebeteko balantzean; ez baita erraza bere ustez hamabost egunez horri eustea, eta horrek erakusten duelako aldaketarako nahi bat badagoela. NAIZ irratian egin zioten elkarrizketa atzo, eta ariguneen figura azpimarratu zuen bereziki: «Ehunka arigune berrik eman dute izena; hauetatik abiatuta, bide berriak zabalduko direlakoan nago, babesgune baterako bidea zabaltzen delako ariketa egiteko eta horrek, bihar-etzi, euskara planak osatzea eta erabileran eragiteko bide iraunkorrak ekar ditzakeelako».
Lan munduan eragin berezia izango dutela ariguneek uste du Lakuako Hizkuntza Politika sailburuordeak: «Balioa eman behar zaio milaka eta milaka herritarrek ariketa hau egiteari hamabost egunetan; hizkuntza ohiturak aldatzeko horrelako ariketa bat egiten aritzea oso pozgarria da».
Euskaraldia, gainera, urteurren biribil baten ospakizunarekin ere iritsi da aurten, EAEko Euskararen Legeak lau hamarkada bete baititu aste honetan. «Ospatzeko egunak» direla aldarrikatu zuen atzo Dobaranek, lege horrek ekarritako alde on eta ekarpenak azpimarratuz: «Euskararen biziberritze prozesua eredugarria izan da; legea ondo egituratuta egon zen, eta, gainera, adostasunetik eraikia izan zen. Tresna eraginkorra izan da egungo eszenatokira heltzeko, baina oraindik ere badu malgutasuna garatzen joateko». Gaineratu zuen, legea ongi dagoela eta baduela garrantzia, baina «nahirik ez badago, herritarrak ez badaude atzetik» bultzaka alferrik dela. «Ez bagara gai belaunaldi berriak konbentzitzeko, eta gure hizkuntzari merezi duen lekua eta indarra emateko, lege eta dekretu gehiago egin ditzakegu, baina ez dugu aurrera egingo».
Dobaranek azaldu zuen legearen garaipen handienetako bat dela euskarak lehengo atxikimendu bera, edo are handiagoa ere baduela orain. Baina berak esana da erabilera badela harri koxkor bat zapatan. Era natural batean irabazi beharreko esparrua dela uste du: «Ezin zaio herritarrari esan ‘euskararen kontrako jarrera duzu’ edo ‘ez duzu euskararen aldeko hautua egiten euskaraz ondo dakizunean’... Horretarako era eta modu naturalak topatu behar dira, eta baldintzak sortu; hori gure lana da, eman egin behar zaizkio aukerak eta esparruak euskaraz bizi ahal izateko».
Hainbat kezka agerian
Badute kezka, nolanahi ere, UEMAk agertu zuen bezala, udalerri euskaldunen kopurua gora joan arren, euskararen erabilerak behera egin duelako. Gaztetxoenengan jarri zuen bereziki begirada: egoerari erreparatu eta erreminta sorta martxan jartzearen alde agertu zen. Ingurune digitalari erreparatu zion, eta hizkuntza politika «bereziak» egin beharra azpimarratu zuen. «Hizkuntza politika sendoak behar dira arnasguneetan globalizazioari eta digitalizazioari aurre egiteko».
Zenbait epaileren azken helegiteak direla eta, Dobaranek adierazi zuen euskal gizarteak «argi eta garbi» daukala, eta inkesta soziolinguistikoetan ikusten dela, erakunde publikoek betebehar bat dutela hizkuntza eskubideei dagokionez. «Herri langileek euskaraz jakin behar dute; arreta zerbitzuei dagokionez, %100ean errespetatzea izango da gure hurrengo erronka». Gaineratu zuen, egun eskuragarri dauden tresnak erabilita, itzultzaile neuronalekin esate baterako, ez dagoela «inolako arazorik» administrazioan zerbitzuak euskaraz eskaintzeko. «Arretari dagokionez, epaileek esango dute esango dutena, baina gure gizartearen nahia denez, gure legediaren arabera, betebeharrak herri administrazioarenak dira, eta hor ez dago atzera bueltarik».
Hezkuntza eremua da haur eta gazteengan eragin eremu zuzena izan dezakeenetako bat. Hezkuntza legearen aurreproiektua dela eta, Dobaranen ustez «paradigma berri» baten aroan gaude, «legeak momentu honetan jasotzen duena da: gaitasun nahikoa izan behar dutela ikasleek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan. Plan horiek eskolaz eskola egin behar dira, egoera soziolinguistikoa oso ezberdina delako». Horregatik, eskolaz eskola eraikitako hizkuntza proiektuek egin beharko dira sailburuordearen iritziz.
Gaineratu zuen «ilusio handiz» ikusten duela lege berria, eta bere iritziz herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela: «Herri osoa inplikatu beharko da, herriz herri, hizkuntza proiektu horiek eraikitzeko».
Saretzea, elkarlana
Gizarte eragileen elkar-laguntza eta saretzetik etorriko dira, bere ustez, politika eraginkorrak eta arrakastatsuak. Onartu zuen arrakala bat egon bazegoela iraganean instituzioen eta eragileen artean, baina ziur mintzatu zen batak bestearen beharra duela esanez. «Gobernu batek bakar-bakarrik ezin du ezer egin, nahiz eta munduko diru partida handiena izan; eta herri eragileak ere konturatu dira gizarteari zerbait lankidetzan eskaintzen zaionean, erantzuna hobea dela. Herri txiki bat gara, gure hizkuntza globalizazioan gutxitua da, eta aurrera pausuak elkarrekin eman behar ditugu». Zentzu horretan, orain gutxi aurkeztu duten ‘Batuz Aldatu’ dinamikarekin bidean bat egingo dutela uste duela aitortu zuen.
Euskalgintza egituratuta dagoela azaldu zuen, eta orain egin beharrekoa elkarrengan konfiantza eduki eta kalean zein gizartearen ondoan dauden proiektuak laguntzea dela adierazi zuen. «Estrategietan nahiko ados gaude, egin beharrekoaren inguruan adostasuna dugu; elkarrekin aurrera egin behar dugu orain».

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
