GARA
DONOSTIA

Hego Euskal Herriko BGPa %1,25 igoko dela aurreikusten du Laboral Kutxak

EAEk 2023an izango duen hazkunde ekonomikoaren prebisioa jaitsi egin du Laboral Kutxak, %2,7tik %1,3ra. Nafarroan, %1etik %1,2ra igo du aurreikuspena. Ez du uste Hego Euskal Herria atzeraldian sartuko denik, baina aukera hori ezin dela baztertu argitu zuen atzo Bilbon eta Iruñean.

Nafarroako aurreikuspen ekonomikoaren txostena aurkezteko prentsaurrekoa, Iruñean.
Nafarroako aurreikuspen ekonomikoaren txostena aurkezteko prentsaurrekoa, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Laboral Kutxak ez du uste Hego Euskal Herria atzeraldian sartuko denik, baina aukera hori ezin dela baztertu ohartarazi zuen atzo Bilbon eta Iruñean aurreikuspen ekonomikoak aurkezteko egindako prentsa agerraldietan. Aurreikusten du Hego Euskal Herrian 2023an %1,25 haziko dela BPGa; joan den udatik hona aurreikuspenak okertu ditu: orduan esan zuen hazkundea %1,85ekoa izango zela. 2022ko estimazioa, berriz, %3,75etik %4,15era igo du. Datu txarrena EAEk dakar: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hazkunde estimazioa nahiko jaitsi du bankuak, %2,7tik %1,3ra.

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Lan Negozioaren Garapeneko zuzendariak eta Joseba Madariaga erakundeko Azterlan Saileko zuzendariak ezagutarazi zituzten datuok. Ibon Urgoitik nabarmendu zuen Ukrainako gerrak agertoki «konplexu» baten hasiera ekarri duela Europan; inflazioak «protagonismo handia» hartu duela, eta hazkunde ekonomikoa «ahuldu» egin dela 2022ko bigarren erditik aurrera.

EAEn hazkundea moteldu da

Testuinguru horretan, Laboral Kutxak uste du 2023rako EAEko hazkunde ekonomikoa %1,3koa izango dela, Lakuak kalkulatzen duen %2,1aren azpitik eta erakunde finantzarioak udan eman zuen datuaren (%2,7) azpitik. 2022ko hazkunde aldiz, altuagoa izan da, %3,6tik %4,2ra igota.

Aurreikuspenen arabera, langabezia tasa %8,4koa izan da 2022an Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta %8,5era igoko da 2023an. Enpleguaren hazkundea, halaber, %3,1ekoa izan zen iaz, eta %1,1ekoa espero da ekitaldi honetan.

%1,2 Nafarroan

2022an %4,1eko hazkundea zenbatetsi dute Nafarroan, eta 2023rako, %1,2koa. Hala, Joseba Madariagak adierazi zuen lurralde honetan jarduera ekonomikoa ez dela nabarmen moteldu.

Bankuaren arabera, 2022ko hirugarren hiruhilekoan Nafarroako BPGa %0,5 hazi zen bigarrenarekin alderatuta, Estatu espainiarreko batez besteko hazkundea (%0,1) gaindituz. Une honetan, Nafarroako ekonomiaren errenta pandemiaren aurreko maila baino %0,8 handiagoa da.

Nafarroako ekonomiak %9ko langabezia tasa erregistratu du, eta erakunde finantzarioak uste du %9,3ra igoko dela 2023an; aitzitik, enplegua %1 haziko dela uste dute.

Ez du atzeraldia baztertzen

Laboral Kutxak uste du energia krisiak luze joko duela. Eta horrek, prezioen gorakadarekin eta interes tasa altuekin batera, ekonomia zamatzen duela ohartarazi zuten Joseba Madariagak eta Ibon Urgoitik.

Hala ere, adierazi zuten badirela «kontrapisuak eta euskarriak», hala nola 2020-21 biurtekoan pandemiarengatik ezarritako murrizketen eraginez aurreztutako dirua eta Estatu espainiarreko lan merkatuaren «sendotasuna», zeinak hazkunde «osasuntsua» baituen bankuko arduradunaren esanetan.

Agertoki horretan, eta euroguneko aurreikuspena 2023an -%0,1ekoa dela adierazi ostean, esan zuen ez duela uste Hego Euskal Herrian atzeraldi ekonomikoa egongo denik, nahiz eta, ohartarazi zuen, aukera hori ezin den baztertu.