Sasoian sasoikoa baina
Sasoian sasoikoa. Zuberoan maskarada. Sagardotegietan txotx denboraldia, uzta txikiagoz baina zapore handiagoz. Zer garrantzitsua den «baina» diskurtsoan, askotan behar dugun baikortasun puntu emaile baita. Sagarrez ari naizela, sagar mota asko dira, tartean ustelak, eta usteletan gehienak ez datoz sagarrondotik, moketadun bulegotik baizik. Hortaz, urteetan albiste izan den ustelkeria auziko zigorrak berretsi berri ditu beheko Estatuko goiko epaitegi batek. Eroskeria egozten zaie, eta dirua zuritzea… koloretan zuriak askorako ematen duen seinale, balizko bakea itxuratzeko ere.
Total, Eusko Alderdi Jaurlaritzak bere enplegu politikaren kontra egin eta bere langile bi kaleratzeko agindua eman du, noiz eta negu gorria atarian dela gainera! Alderdia saihestuta aritu ei ziren horiek alderdiaren egituratik, alderdiaren txartelaz eta alderdiaren sarea balioan jarrita. Antza batean, bidesariak kobratzen zizkieten obretako esleipendunei beren munduko azpiegituretan zirkulatzeagatik. Ene, ene, mundu horretan esku larregi dira, zuriak edo beltzak, auskalo! Zerikusirik ez Irulegiko horrekin!
Tira, sasoiko harira! Birusaren aldaera berriak Kraken du izena, izana beste kontu bat da, ezezagunagoa. Inflazioa apaltzen ari da autoak elikatzea merkatu delako, pertsonak elikatzea ez bezala. Mundu aldrebesa gurea ez den hau! Nafarroako osasunbidean mediku batzuek bidesaria kobratu nahi. Nik, egia esan, eta ideien berrikuntza etengabean saiatuta, ez dut txarto ikusten medikuek esklusibotasun hori kentzea eskatu izana: zergatik publikoan bakarrik? Akaso hurrengo hauteskundeetan herritar bati debekatuko zaio udalerri bereko alderdi diferente biren zerrendan joatea? Kasurako, bi alderditako zinegotzi kargua izatea, bata gobernuan oposizioan bestea? Non da politika zirkularra?

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
