Ahalduntze eskoletan parte hartzeak autoestimuan onurak dakarzkie emakumeei
Ahalduntze eskolek emakumeen autoestimu eta segurtasunean inpaktu positiboa dutela egiaztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz Pepa Bojo psikoterapeutak ondutako ikerketak.

Gipuzkoako hainbat udalerritan ahalduntze tailerretan parte hartzen duten emakumeen herenak baino zertxobait gehiagok (%33,8) autoestimu eta segurtasun pertsonal handiagoa lortzen dute, eta %24,4k, berriz, beraien premiei buruzko erabaki gehiago hartzen dituzte. Pepa Bojo psikoterapeutak ondutako “Gipuzkoako ahalduntze taldeak: parte hartzeko arrazoiak eta aldaketa esanguratsuak” izeneko ikerketak dakartza datuok. Atzo aurkeztu zuen lana Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, Donostian.
Argitalpenak azaltzen duenez, Gipuzkoan ahalduntze eskolek baliabide materialak eta humanoak eskaintzen dituzte, ahalduntzea sustatzen duten jarduerak antolatuz. Horietan dinamika eta metodologia feministak sortzen dira, eta jakintzak partekatzen, alderdi teorikoak garatzen eta trebetasun berriak ikasten, ikasitakoa zalantzan jarriz eta konponbideak bilatuz.
Azterlaneko datuak galdetegi baten bidez jaso ziren eta 2018ko martxo-ekainetik 2019ko ekainera bitarte zenbait udalerritan -Arrasate, Azpeitia, Oñati, Tolosa, Trintxerpe, Urnieta, Usurbil eta Zarautz- ikertzaileak berak zuzendutako tailerretan parte hartu zuten 115 emakumeren iritzia ere jaso zuten.
Laginean parte hartu duten emakumeen herenek baino zertxobait gehiagok (%34,3) adierazi dute osasuna dela ikastaroetan parte hartzeko arrazoi nagusia; ondotik datoz «ohiko ingurunetik irtetea eta beste emakume batzuekin harremanak izatea» (%24), feminismoan sakontzea eta emakumeen errealitatea ezagutzea (%20,6), prestakuntza jasotzea (%9,8) eta bestelako arrazoi batzuk (%11,3).
Gipuzkoako zenbait udalerritako ahalduntze ikastaroetan parte hartu ondoren autoestimu eta segurtasun handiagoa dutela adierazi dute emakumeen herenek baino gehiagok (%33,8); bigarren postuan, esan dute erabaki gehiago hartzen dituztela beraien premien inguruan (%24,4). Era berean, emakumeen %13,9k adierazi dute kontzientzia feminista handiagoa dutela.
Azterlanak dioenez, aldaketa psikologiko horiek parte-hartzaileek harremanetan duten posizioa aldatzen dute, eta harremanen jokaleku berri berdinzaleagoak marrazten dituzte.
Ageriko aldaketak
«Emakumeen ahalduntze taldeekin 25 urtean baino gehiagoan lan egin ondoren, ikusi ahal izan dut haien bizitzan izandako aldaketak agerikoak, iraunkorrak eta egiturazkoak direla, eta munduan egoteko beste modu baten hasiera direla», azaldu zuen Donostiako prentsaurrekoan azterlanaren egileak.
Gainera, Pepa Bojok azpimarratu zuenez, prozesu horiek «osasunaren ondoezarekin» lotutako sintomatologia «hobetzen eta, askotan, desagerrarazten ere laguntzen dute».
Hain zuzen, eskoletan parte hartzeko motibazio gisa osasuna aipatu zuten emakumeen artetik %42,2k adierazi zuten prozesuak burututakoan egoera emozionalak kudeatzen ikasi zutela; %31,4k beren autoestimua hobetu zela aipatu zuten; eta %22,9k, berriz, sintomak murriztu zirela.
«Gaur-gaurkoz, hobeto ezagutzen ari gara zein diren arazo psikologikoetan eragin dezaketen faktoreak eta, batez ere, ikusarazten eta egiaztatzen ari gara zein garrantzitsuak diren faktore sozialak, ekonomikoak eta generoaren arloko faktoreak eta zer-nolako eragina duten gaixotasun psikiko eta emozionalean», azaldu zuen psikoterapeutak.
«Berdintasunean aitzindari»
Bestalde, Berdintasuneko foru zuzendariak, Nerea Isasik, azpimarratu zuen azterlan honek «garrantzi handia» duela, xehetasun handiagoz ezagutzera ematen duelako ahalduntze eskolek egiten duten lanaren garrantzia.
«Berdintasun politika publikoetan lurralde aitzindaria izaten jarraitu nahi dugu, eta, horretarako, funtsezkoa da erakundeen eta berdintasunarekin eta feminismoarekin lotutako gizarte sarearen arteko lankidetza; gainera, oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute ahalduntzearen ikuspegitik», adierazi zuen.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
