GARA
OSASUNA

Etete klausulak, neguko mehatxu bakarrak

Neguko merkatua amaituta, Braulio Vazquez Osasunako zuzendari teknikoak azken hilabete hauei buruzko bilan txiki bat egin nahi izan zuen atzo. Orokorrean, merkatu «nahiko lasaia» izan dela onartu zuen, hein handi batean euren jokalari garrantzitsuenengatik galdetu duten talde guztiei erantzun bera eman dielako: «etete klausula ordaindu». Premier Leagueko taldeekin, ordea, hori sekula ez da nahikoa berme izaten.

Zorionez, Osasunan oso gustura diharduten jokalariak omen dituzte. «Izan dira gure jokalaririk onenengatik galdetu duten taldeak, baina, zorionez, gure harrobiko jokalariek orain badakite soldata onak bermatuta dituztela eta beste talderen batera irteteko orduan etete klausula normalak dituztela. Eta horrek Osasunan ibilbide profesional on bat izan dezaketela bermatzen die», azaldu zuen.

Brauliok taldeak azken urteetan hartutako bidetik jarrai dezan nahi luke, eta horretarako konfiantza osoa du Jagoba Arrasaterengan. Ez du berriatuarra «beste inora joateko intentzioarekin ikusten». Gaur egun Pedro Mari Zabalzak duen marka -340 partidatan zuzendu zuen talde gorritxoa- hausteko moduan ikusten du 2024. urtera arteko kontratua duen entrenatzaile bizkaitarra.

Taldea egiten ari den denboraldia behar bezala baloratzeko mezua igorri nahi izan die zaleei galiziarrak: «Amets hau amaitzen denean ez nuke oraingo egoera normaltzat jotzerik nahi. Etorkizunean berriro ere ez jaisteko borrokan ibiliko gara».