GARA
AMED-DIYARBAKIR
LURRIKARA TURKIA, SIRIA ETA KURDISTANEN

Hondamendiari aurre egin beharra, lurraren astindua jaso eta gero

Bi lurrikara izan zituzten atzo Turkian, Sirian eta Kurdistanen, eta hildako ugari eragin zituzten. Iturri ofizialen azken balantzearen arabera, 2.700 hildako izan dira, baina datozen orduotan kopuruak gora egingo du. Lehen lurrikara goizaldeko laurak aldera gertatu zen eta birrindutako etxeetako biztanleak lotan harrapatu zituen.

Zauritutako gizon bat garraiatzen, Siriako Jundairis hirian.
Zauritutako gizon bat garraiatzen, Siriako Jundairis hirian. (Rami AL-SAYEDI | AFP)

Hildako ugari eragin zituen atzo Turkia, Siria eta Kurdistan astindu zituen lurrikarak. Edizio hau ixterako, 2.700 hildako zeudela esaten zuten balantze ofizialek, baina orduak igaro ahala kopuru horrek gora egingo zuela argi zegoen.

Sismografoen arabera, goizaldeko 4.17an (Euskal Herrian 2.17ak zirenean) gertatu zen lehen lurrikara, 7,8 puntuko indarrarekin. Ordu gutxira beste lurrikara bat izan zuten, 7,5 puntukoa. Beste lurrikara bat izan zen, ez erreplika bat. Erreplikak dozenaka izan ziren.

1939tik Turkian izandako lurrikararik gogorrenak dira. Eta ordutik hona izan da, bai, lurrikararik Turkian; esaterako, 6,9 puntukoa 1971n Bingölen 755 hildakorekin, 2011n Kurdistango Van-en (Wam, kurdueraz) 604 hildakorekin eta 2020an zazpi puntukoa Izmirren, Egeo itsasoko kostaldean, 119 hildakorekin.

Indarrari dagokionez, beraz, handiena izan da atzoko lurrikara. Hildako kopuruari dagokionez ere, berdin. Oraingoz, 2.700 hildako daude, balantze ofizialen arabera. Kontuan izan behar da lurrikara negu gorrian izan dela eta etxebizitza eta eraikin ugari (milaka) birrinduta daudela. Gauez zero azpitik oso behera egiten dute termometroek inguru horietan. Beraz, zoritxarrez, hildakoen kopuruak gora egingo du. Birrindutako etxebizitzen hondakinen artetik gorpu ugari aterako dituzte datozen egunotan. Lurrikara izan zenean goizeko ordu txikiak ziren eta milioika lagun etxean lotan harrapatu zituen. Gauzak horrela, nazioartetik laguntza bidaltzeko aginduak azkar batean zabaldu ziren.

Epizentroa

Lehen lurrikararen epizentroa Pazarcik (kurdueraz Bazarcix) hiria izan zen, Kahramanmaras probintzian, Turkian, baina Siriatik apenas 60 kilometrora. Eskualde horretan Turkia, Siria eta Kurdistan elkartzen dira, Lehen Mundu Gerraren ostean ezarri ziren mugen gainetik.

Bigarren lurrikararen epizentroa Ekinözu (kurdueraz Cela) hiritik gertu atzeman zuten. «Arreba eta bere hiru haurrak hondakinen azpian daude. Baita bere senarra, aitaordea eta amaordea ere. Familiako zazpi kide ditugu hondakinen artean galduta», kontatu zien France Presse agentziari Muhittin Orakcik, Ipar Kurdistango hiriburu den Diyarbakirren (kurdueraz Amed) birrindutako etxebizitza-eraikin batean erreskate lanen emaitzaren zain zegoen bitartean.

«Bere ahizpa oraindik hondakinen azpian dago», gaineratu zuen beste emakume batek etengabe negarrez zegoen beste bati buruz.

Palestinar errefuxiatuen eremuak

Lurrikarek Siriako palestinar errefuxiatuen eremuetan eragin larria izan dutela nabarmendu du Nazio Batuen Unrwa agentziak. Izan ere, Alepo hiriaren inguruetako Neirab eta Ein el-Tal errefuxiatu eremuetan 18.000 lagun bizi dira, pilatuta, oso egoera kaskarrean. Hama eta Latakia hirietako eremuetan 3.000 errefuxiatu palestinar bizi dira. Bertan etxeak birrinduta daudela eta hondakinen artean pertsonak daudela jakinarazi du Unrwak.

Lurrikarak Libanon ere sumatu dira palestinarren errefuxiatu eremuetan.

Unrwa agentziak gogorarazi duenez, herrialde horretako errefuxiatuak krisi ekonomiko larria pairatzen ari ziren dagoeneko.

Zaporeak elkarteak ere Siriako errefuxiatuen egoerak nabarmen okerrera egingo duelako kezka azaldu zuen eta azken zazpi urteotan bultzatuko elkartasun lanarekin jarraitzeko prest agertu zen, beharra handia dela nabarmenduz.