Oinatz AIZPURU
Interview
Roberto OGETa
Arabako suhiltzailea, Turkian erreskate lanetan diharduena

«Lehen hiru edo bost egunak oso garrantzitsuak dira»

Accion Norte GKEaren bidez Euskal Herritik sei suhiltzaile joan dira lurrikarak eraitsitako eraikinen azpian harrapatuta dauden lagunak erreskatatzera. Roberto Ogeta da horietako bat eta ahal duten guztia egingo dutela ziurtatu du. Pertsona bizirik ateratzeko «lehen hiru edo bost egunak oso garrantzitsuak» direla azpimarratu du.

Kurdistan, Siria eta Turkian izandako lurrikararen ondoren, nazioarteko laguntza heltzen ari da inguru batzuetara, baita erreskate lanetara joandako boluntarioak ere. Horien artean dira Accion Norte GKEren bidez joandako Arabako sei suhiltzaile. Aireportuan bertan zamorar bat eta kanariar bat batu zaizkie. Roberto Ogeta da arabar hauetako bat eta behin Turkian lur hartutakoan ez dietenez hedabideei erantzungo, NAIZ Irratian izan zen atzo goizean.

Lurrikaretan ez dute eskarmenturik, baina bai erreskateetan. «Oihaneko suteetan izan gara; Poloniara ere joan gara janaria eta tresnak eramatera eta errefuxiatuak ekartzera; Grezian eta Saharan ere izan gara; Nikaraguan hango suhiltzaileei formakuntza ematen egon gara... espero dugu misio hau azkena ez izatea», aipatu zuen Ogetak.

Lehen orduak oso garrantzitsuak omen dira pertsonak hondakinen artetik bizirik ateratzeko, «lehen hiru edo bost egunak», zehazki. Txakurren laguntza izatea espero dute, eta horrek lanak asko azkartuko dizkie. Halere, azpimarratu zuen epe labur horretan zeresana dutela baldintza meteorologikoek eta eraikinak nola eginda dauden.

Beharrezkoa duten material guztia eraman dute: lo-zakuak, kanpin-denda, janaria eta erreskaterako beharrezkoa duten tresneria oro. Hango erakundeekin koordinatuta ariko dira hilaren 14an Euskal Herrira itzuli arte. Adanara iritsi eta berehala hasiko dira erreskate lanetan.

Atera aurreko orduak «eromena» izan dira, Ogetaren esanetan; dena azkar egin behar, hegaldia eta materiala lortu... baina lankide eta lagunen bultzadarekin lortu dutela aitortu zuen. «Jendearen indarrarekin lortu dugu misioa aurrera ateratzea. Gure materiala eraman dugu: generadoreak, mota guztietako tresnak, gure janaria, gasolina sartzeko latak, botikina, lo egiteko dendak eta esterillak...».

15.50 aldera iristeko ziren Adanako aireportura, eta handik erreskate eremuetara mugituko ziren. Ikusi eta biziko duten guztia hurrengo deian NAIZ Irratiari kontatuko diola esan zuen. Orain, kontzentratu eta lana ahalik eta egokien egitea da helburua.