GARA
BILBO

ELAk Pneumologiako EPEko emaitzak ikertzea eskatu du

ELAk Pneumologiako EPEko azterketen «emaitza deigarriak» ikertzeko eskatu dio Osakidetzari. Izan ere, «lehen testean puntuaziorik handiena lortu duten lau hautagaiak ospitale berekoak dira». LABek epaimahaien aktak kontsultatu ahal izatea eskatu du.

Osakidetzaren EPEko azterketa, 2018an.
Osakidetzaren EPEko azterketa, 2018an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2017an gertatu zen bezala, Osakidetzako EPEko emaitza batzuk «deigarriak» direla ohartarazi zuen atzo ELAk. Zehazki, pneumologoen kategoriako lehen azterketan, 2022ko abenduan, puntuaziorik handiena lortu zuten lau pertsonak ospitale berekoak direla azaldu zuen, «eta horrek, estatistikaren ikuspegitik, emaitza benetan deigarriak ematen ditu».

«Hori gutxi balitz, deigarriak dira lortutako puntuazioak: 69 hautagaietatik 8k soilik lortu dute 100etik 70 puntu baino gehiago. Hala ere, lehenengo lau izangaiek, ospitale berean lan egiten dutenek, 82 puntu baino gehiago lortu dituzte», gaineratu zuen ohar batean.

Sindikatuaren esanetan, «egoerak azalpen zaila du, prozesu garbi eta berdintasunezkoaren ikuspegitik». Hori dela eta, Osakidetzari eskatu dio lehenbailehen ikerketa bat abiarazteko, gertatutakoa argitzeko eta emaitzak publiko egiteko. «Hala ez balitz, edo ikerketa horren ondorioak negatiboak balira, ELAk egokitzat jotzen dituen instantzietara jotzeko aukera aztertuko luke», adierazi zuen.

Gogoratu zuenez, «2016-2017ko lan eskaintza publikoan gertatzen ari zenaren larritasuna ikusita, 2018ko ekainean, ELAk Fiskaltzara jotzea erabaki zuen, antzemandako irregulartasunen berri emateko eta gertatutakoari buruzko ikerketa zorrotza eta independentea eskatzeko».

Osakidetzari eskatu dio «beharrezko pausoak eman ditzala hautaketa gardena, inpartziala, aukera berdintasuna bermatuko duena eta enplegu publikorako sarbidea arautuko duten printzipioak bermatuko dituena segurtatzeko».

LAB: Aktak ikusi

LABek A1 eta A2 lanbide kategorietako epaimahaien aktak kontsultatzeko eskatu dio Osakidetzari. «Zuzendaritzak behin eta berriz ukatu dio LAB sindikatuari EPE eredu berriak ezartzen dituen azterketa estatistikoak egitea», ohartarazi zuen.

Gainera, salatu zuen 2016-17 EPEaren emaitzekin gertatu zen bezala, orain, Osakidetzako zuzendaritzak galarazi egiten duela proba horien emaitzak dituen webgunera sartzea».