Peli LEKUONA
GARA

Iñigo Urrutia: «Epaileek hizkuntza eredu bat inposatu nahi dute»

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen legez kanpokoa dela Uliazpi Fundazioko lan deialdian euskararen ezagutza eskatu izana. Iñigo Urrutia Administrazio Zuzenbideko irakaslearen esanetan, indarrean dauden hizkuntz eskubideak «airean» gelditu dira.

Iñigo Urrutia, erdian, 2019an egindako agerraldi batean.
Iñigo Urrutia, erdian, 2019an egindako agerraldi batean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Asteon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi Fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan euskararen ezagutza eskatzea legez kanpokoa dela. Ez da euskara eskakizunen aurkako lehen epaia, aldiz, Iñigo Urrutia Administrazio Zuzenbideko irakaslearentzat; «jauzi kualitatibo» bat ematen du, orain arteko kasuetan epaileek euskara eskakizunen kontra ebazteko erabili dituzten argudioak bestelakoak izan direlako: ez zituzten kontuan hartzen EAEko hizkuntza araubideak. Azken epaiak, ordea, kontuan hartu du araubide hori, baita atzera bota ere, Urrutiaren esanetan: «Epai honek hizkuntza eskakizunen araubideak konstituzioaren kontrakoak direla esan du. Momentu honetan babesgabe gelditu gara EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duelako administrazioetako hizkuntza planifikazioak egiteko araubidea. Zorua erabat lokaztuta dago eta une honetako egoera larria da».

EAEn indarrean dauden hizkuntza eskubidearen bueltako legediak eta arauak kolokan jarri ditu epai honek, irakaslearen iritziz. «Uste genuen oinarri sendoa geneukala. Administrazioaren zerbitzari izateko euskara jakitearen nahitaezkotasuna inork gutxik jartzen zuen zalantzan. Epai honekin dena airean geratzen da, epaileei iruditu zaielako, kasu honetan, 34 plaza hizkuntza eskakizunarekin deialdi publikora eramatea gehiegizkoa dela», agertu zuen Iñigo Urrutiak atzo NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

Etorkizunera begira ere Donostiako Auzitegiaren azken erabakiak jurisprudentzia sor dezakeela ohartarazi zuen Urrutiak. «Kasuari helegitea aurkeztu eta Auzitegi Gorenera eraman ezean, kontrako jurisprudentzia ezarriko litzateke. Epai honek larritasun erantsi hori dauka», azaldu zuen. Hori dela eta, Administrazio Zuzenbideko irakasleak euskararen etorkizunari buruzko gizarte itun berri bat sortzeko premia nabarmendu zuen, gero legeetara eraman beharko litzatekeena.

Epaiketaren kostuak

Epai berriak bitxikeria bat agertzen duela zehaztu zuen Urrutiak, epaiketaren kostuak epaileen kontura joan baitira -epaiketaren alde batek edo besteak ordaintzen du-. Arrazoi horregatik, Urrutiak uste du epaileak «legearen arabera jokatu beharrean botere legegilearena egiten» ibili direla, «hizkuntza eredu bat inposatu nahian».

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreratu zuen euskararen ezagutzaren kontrako ebazpenari helegitea aurkeztuko ziola. Iñigo Urrutiaren ustez «zaila izango da kasua Auzitegi Gorenera iristea»; hala ere, aukera hori erreala dela esan zuen, Auzitegi Gorenak zein Konstituzionalak emandako zenbait ebazpenen kontrakoa esaten baitu Uliazpi Fundazioari buruzko epaiak.