Lakua, hildako presoei buruz: «Zerbaitek kale egin du»
Nerea Melgosa sailburuak atzo onartu zuenez, «zerbaitek huts egin du» bi preso euskal kartzeletan hil daitezen 24 ordutan. Lakuak eskumena bere gain hartu zuenetik hiru pertsona hil dira espetxean.

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak autokritika egin zuen atzo Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean. Zaballako eta Martuteneko espetxeetan preso bana hil ziren joan den astean, 24 ordutan. Hori gertatu zen «zerbaitek huts egin duelako», onartu zuen Lakuako Gobernuko sailburuak.
Exekutibo autonomikoak espetxeen eskumena 2021ean hartu zuen bere gain, eta hiru preso hil dira ordutik Euskal Herrian.
Martutenen eta Zaballan hildako bi pertsonen senideei dolumina eman ondoren, Berdintasun sailburuak 2014. urtean espetxeetan abian jarri zen suizidioak prebenitzeko protokoloa defendatu zuen. Protokolo horretan «hobekuntza handiak» izan direla nabarmendu zuen, kanpoko teknikariek eta aholkulariek Lakuako arduradunei jakinarazi dietenez.
Zaballako kartzelan bere buruaz beste eginda hil zen presoaren senideek NAIZ Irratian salatu zuten protokoloak ez zuela Malek izeneko Aljeriako 22 urteko gaztearentzat funtzionatu, ez baitzegoen prebentzioko sistema horretan integratuta ere.
«Garrantzitsua da protokoloak biziak eta dinamikoak izatea, eta hobekuntzak izan ditzatela. Aztertu egingo ditugu. Ikuskapena egingo da, eta, informazioaren araberako emaitza ikusten dugunean, baloratu egingo dugu», adierazi zuen Nerea Melgosak.
Gradu erregresioak
Bestalde, sailburuak Lakuako Gobernuak euskal presoei hirugarren graduak onartzeko aplikatzen duen irizpidea defendatu zuen, eta ez zituen baloratu nahi izan Espainiako Auzitegi Nazionala euskal preso batzuen kontra ezartzen ari den gradu erregresioak. «Ez dugu joan den urtetik hona ezer aldatu eta gure lana egiten jarraituko dugu, egokia dela uste baitugu», esan zuen.
Joan Karlos Subijana gasteiztarra izan da Auzitegi Nazionalaren erabakiz hirugarren gradua kendu ondoren espetxera itzulitako azkena. Pasatu den ostegunean manifestazioa egin zuten Arabako hiriburuan egoera salatzeko.
Sareren arabera, hamahiru dira berriz ere kartzelan sartu dituzten presoak. Eta ohartarazi du horiez gainera kasu gehiago daudela ebazteko zain, Fiskaltzak ezarritako errekurtsoen ondoren.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
