GARA
BILBO

M. Fernandino (LAB): «Amiantoagatik 61 heriotza onartuta daude CAFen»

Beasain da amiantoak eragindako heriotza tasa altuena duen bigarren udalerria Estatu espainolean, izan ere, CAFen, beste enpresa askotan bezala, oso mineral erabilia izan zen. Horren ondorioz, 61 lagun zendu dira, LABeko Mikel Fernandinok NAIZ Irratian azaldu duenez. 1996. urtean iritsi zen kalteen inguruko lehen aitortza judiziala, eta ordutik arazoari aurre egiteko lan handia egin dute.

CAFeko langileen manifestazioa, amiantoak eragindako heriotzak salatzeko.
CAFeko langileen manifestazioa, amiantoak eragindako heriotzak salatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Beasain da Euskal Herrian amiantoak gogorren jo duen herria, zenbait kazetari europarrek egin eta Moncloa.com hedabideak zabaldutako ikerketa batek jaso duenez. Horren arabera, sei euskal udalerri daude aipatu mineralak kaltetutako lehen hamarren artean Estatuan -Beasainekin batera, Ezkerraldeko Sestao, Santurtzi, Barakaldo eta Portugalete, eta Aiaraldeko Laudio-, eta denetan industriak berebiziko garrantzia izan du haien garapen ekonomikoan.

Beasaingo zifra handiei -138 hildako ehun mila biztanleko- azalpena eman nahi bazaie, aipatu behar da 1970eko hamarkadan amiantoa oso erabilia izan zela, besteak beste Goierriko CAF enpresan. Eta enpresa batzordeko LABeko ordezkari Mikel Fernandinok NAIZ Irratian egindako elkarrizketan baieztatu duenez, «amiantoaren zuntzak arnasteagatik 61 pertsona hil dira» .

«Hauek epaiketa edo mediku txostenen ondorioz onar- tutakoak dira, baina argi dugu altuagoa dela zifra, askotan zaila izaten delako zuzeneko harremana frogatzea», aipatu du. Amiantoak hildako horien artean hiru emakume daude, etxean kutsatutako arropak garbitzeagatik gaixotuak.

Iraupen luzeko eta kostu baxuko mineral bat da amiantoa, eta horregatik hamarkada askotan erabilpen ugari eman zaizkio hainbat sektoretan: eraikuntzan, industrian, ontzigintzan, automozioan, eta trengintzan ere bai.

Fernandinok azaldutakoaren arabera, iragan mendeko 60ko hamarkadan amianto mota batzuen erabilera galarazi zen, baina 2002. urtera arte ez zen guztiz debekatu Estatuan -2001. urtean ezarri zuen debekua Europa Batasunak-.

«Gure kasuan 60-70etako hamarkadan amiantoa trenetako isolamendu bezala erabili genuen, baina mantentze lanetan erabiltzen zela ere badakigu. 2002tik aurrera manipulatzeko neurri bereziak behar dira, eta guk ez dugu erabiltzen», adierazi du LABeko ordezkariak NAIZ Irratian.

Kontzientzia altua

Epaitegiak langile bat amiantoz hil zela onartu zuen lehen aldia 1996an izan zen. Ordutik, enpresa batzordeak ibilbide bat hasi zuen egoera salatzeko, sentsibilizatzeko eta erreparatzeko. Fernandinok esan du hasitako prebentzio kanpainari esker, CAFeko langileen artean kontzientziazioa oso altua dela.

«1996tik gauza asko landu ditugu enpresarekin. Amiantoarekin harremana izan zuten langileen zerrenda osatu da eta egun 940 pertsona daude. Zerrendan dauden pertsonei urtero osasun azterketa egiten zaie enpresan bertan, eta jubilatzen direnean Osakidetzak jarraitzen du horiekin. Enpresari eskatu diogu zerrendan jende gehiago sartzeko. 1990ean kazkabar piloa bota zuen, eta lantegiko teilatuak apurtu ziren. Garbiketa egin zutenak eta garbiketa egin aurretik inguruan ibili ziren langileak zerrendan sartzeko lanetan ari gara», kontatu du.

Azaldu duenez fabrikan bertan amiantoa dagoen lekuak mapa batean markatzen dituzte, eta enpresarekin batera amianto hori kentzeko plana daukate. Horretarako enpresa espezializatuak joaten dira, behar bezala eta segurtasun osoz kendu dezaten.

J. Uzkudun: «Arazoari serio heldu behar zaio»

Asviamie, amiantoaren biktimak biltzen dituen EAEko elkarteko Jesus Uzkudunek gogora ekarri du NAIZ Irratian «leku askotan» erabili dela amiantoa, «inolako neurririk gabe». Mineral horrek eragindako heriotzak laneko gaixotasun gisa aitortu eta kalte-ordainak lortzeko borrokan murgilduta urteak daramatza elkarteak, enpresen nahiz instituzio publikoen oztopoei aurre eginez. Kasu gehienak, ordea, ezkutuan gelditzen direla baieztatu du Uzkudunek.

Hortaz, nabarmentzen duenez, arazoa ez da iraganekoa, ezta gutxiago ere, aintzat hartuz gero amiantoa presente dagoela oraindik eraikin askotan eta «mendi bazterretan». Legeak dioena betez, aurten herri eta hiri bakoitzak eremu publikoan dagoen amiantoa identifikatu eta 2028rako erretiratu dezan mozioak aurkeztu ditu Asviamiek udaletan. «Konpromisoa hartu behar dute», azpimarratu du, eta salatu du «zenbait lekutan plastikoarekin tapatzen» ari direla. «Eta ‘hor konpon’ hurrengo belaunaldientzat. Amiantoa, ordea, ez da desagertzen. Arazoari heldu behar zaio, oso azkar eta serio», nabarmendu du hainbat urtetan borroka honetako lehenbiziko lerroan jardun duen Uzkudunek. GARA