Ia inor ez dago poluziotik salbu

Partikula finen mailari buruzko azterlan baten arabera, munduko biztanleriaren %0,001 bakarrik dago segurtasun mailen azpitik.

Gizakiak, behiak eta hegaztiak, Bantul hiriko (Indonesia) zabortegi batean.
Gizakiak, behiak eta hegaztiak, Bantul hiriko (Indonesia) zabortegi batean. (Devi RAHMAN | AFP)

Ingurumeneko partikula finen (PM2,5) eguneroko mailari buruzko azterlan aitzindari baten arabera, munduko lurrazalaren %0,18 eta biztanleriaren %0,001 soilik daude Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako segurtasun mailen azpitik. PM2,5 munduko ingurumen-osasunerako arrisku faktore nagusia da. Ikerketa Australiako Monash Unibertsitateko Osasun Publiko eta Medikuntza Prebentiboko Fakultateak egin du, eta “The Lancet Planetary Health” aldizkarian argitaratu berri dute. Ikerketa horren arabera, Europan eta Ipar Amerikan eguneroko mailak murriztu egin dira azken bi hamarkadetan -2019ra arteko neurketa da-, baina igo egin dira Asiako hegoaldean, Australian, Zeelanda Berrian, Latinoamerikan eta Kariben. Mundu osoan kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko estaziorik ez egoteak PM2,5 partikulen tokiko, eskualdeko, estatu mailako eta munduko esposizioari buruzko datu falta ekarri du. Azterlana zuzendu duen Yuming Guo irakaslearen hitzetan, garrantzitsua da «kanpoko airearen kutsaduraren egungo egoera, horrek giza osasunean dituen ondorioak sakonki ezagutarazten dituelako».