Maite UBIRIA
BAIONA

252 hautetsi agertu dira egungo trenbidea modernizatzearen alde

Euskal Herriko 252 hautetsik babestu dute Irun, Baiona eta Bordeleko auzapezek urtarrilean eginiko eskaera; egungo trenbidea berritzeko eskatu zuten AHT linearen gaineko zalantzak direla-eta, Parisek ez baitu 2042 arte-edo Hendaia-Irun mugarainoko konexioa eraikiko.

Abiadura handiko linea berriaren aurkako protesta.
Abiadura handiko linea berriaren aurkako protesta. (Guillaume FAUVEAU)

252 euskal hautetsik, tartean 40 alkatek, babestu dute Irungo auzapez sozialista Jose Antonio Santanok, Baionako auzapez zentrista Jean-Rene Etchegarayk eta Bordeleko auzapez ekologista Pierre Hurmicek urtarrilaren 3an plazaratu zuten adierazpena.

Horren bidez hiru udal agintariek oroitarazi zutenez, frantses Estatuko azpiegituren kontseiluak iazko abenduan aurkeztu zuen txostenaren arabera, Akize eta Irun arteko abiadura handiko konexioa, goizen jota, 2042. urtean helduko litzateke Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugara.

Egoera hori izanik, azken hiru hamarkadetan Ipar Euskal Herrian gizarte zibil antolatuak defendatu duen bezala, egungo trenbidearen eraberritzea hobets dadila eskatu zuten hiru auzapezek.

Orotara 461 sinadura

Hain zuzen, AHT berriaren aurkako mugimendua batzen duen Cade kolektiboak Irungo Adierazpenaren alde agertu direnen zerrenda jakitera eman du.

Orotara 461 hautetsik izenpetu dute Baiona, Irun eta Bordeleko alkateek iazko abenduaren 17an bilera egin ondoren adostu zuten Irungo Adierazpena. 40 auzapez, Euskal Elkargoko 66 kontseilari, lau departamendu kontseilari, bi eskualde kontseilari eta Irungo udaleko zinegotzi bat agertzen dira behin-behineko zerrenda horretan, Mediabask hedabideak atzo plazaratu zuen albistean nabarmendu zuenez.

Halaber, Cadek agiri baten bidez poza agertu du «finean, bide zentzuzkoena gailendu» delako tren garraioaren gaineko eztabaidan. Kolektiboaren ustez, «azpiegitura faraonikoen» gibelatzeari esker «gero eta hautetsi gehiago konturatu dira egunen batean egitasmo horiek egingo balira finantzamendua tokiko erakundeen gainean eroriko zela».

Cadek gutuna bidali dio Elisabeth Borne frantziar lehen ministroari, proiektuaren inguruko iritziaren bilakaera horren berri emateko.

Eguneroko mugikortasuna

GARAk iragan urtarrilaren 16an argitaratu zuen informazioan jasotzen zenez, ez epe laburrera ez ertainera ez dago perspektibarik «Euskal Y» eta Lapurdi zeharkatuko lukeen Bordele-Akize abiadura handiko linea arteko konexio bati buruz. Hain zuzen, frantses Estatuko azpiegiturei buruzko kontseiluak emandako txostenean oinarrituz, Elisabeth Bornek garraio arloan bere Gobernuak dituen lehentasunak finkatu zituen iragan otsailaren 28an Parisen.

Deskarbonizazioaren helburuak betetzeko plan multimodala defendatu zuen gobernuburuak, hala nola hirien arteko trenak eta eguneroko mugikortasuna ahalbidetzen duen aldiriko trenen sarea hobetzeko nahia agertuz. Txintik ez zuen esan AHTri buruz.

Parisko Gobernuaren jokabideak kezka handia piztu du Lakuako Gobernuan eta frantses kontseiluak azpiegiturei buruz duen iritzia ezagutu eta berehala, EAJk espainiar Kongresuan duen taldeak galdera pausatu zion Pedro Sanchez presidenteari. Honek hitza eman zion Aitor Esteban diputatuari, bere esku dagoen guztia egingo duela Parisek bermatu dezan Atlantikoko Tren Korridorearen eraikuntzak aurrera egingo duela.

Geroztik, Gasteizko Gobernuko Garraio sailburuak ere Parisi presioa egiteko deia egin du. Iñaki Arriolaren ustez, Bruselak zeozer esan beharko luke frantses Gobernuak abiadura handiko proiektuak bigarren mailan jartzeko hartu duen bideari buruz.

Kontu eske Bruselatik

Hain zuzen ere, Bruselako Garraio arloko bozeramaile Adalbert Jahnzek baieztatu zuen «ondoko asteetan» Pariseko Gobernuari galdera pausatuko diotela abiadura handiko sarearen gainean zein asmo duen argitu dezan. Ildo beretik, berretsi zuen Europar Batasuneko helburuak ez direla aldatu eta asmoa dela 2030. urterako Lapurdi eta Irun arteko mugaraino trenbide konexio hori amaituta izatea.

Bruselako adierazpen hori, hain justu, abiadura handiko tren konexioaren aferaz mintzatzeko Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteekin astelehenean Ajuria Enean izanen duen bileraren atarian heldu da.