GARA
DONOSTIA

Euskararen kontrako epaia deitoratu dute LABek eta ELAk

LABek eta ELAk Uliazpiko lanpostuen inguruko epaia deitoratu dute. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen fundazioaren lan deialdian hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana.

Uliazpi Fundazioaren Donostiako Ategorrieta Zentroa.
Uliazpi Fundazioaren Donostiako Ategorrieta Zentroa. (ULIAZPI | I)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpin 34 zaintzaile plaza betetzeko deialdia eta prozeduraren oinarriak baliogabetzat jotzen dituen epaia aztertu ondoren, Uliazpiko langile-batzordearen gehiengoak -hau da, LABeko bost ordezkariek eta ELAko hirurek- guztiz arbuiatzen duela adierazi du. Beste bost ordezkari dituen CCOOk, aldiz, uko egin dio epaia gaitzesteko adierazpena babesteari, LAB eta ELAk esan dutenez.

Hala, batzordearen gehiengoaren ustez, epaia «guztiz bidegabea» da langileek plaza bat lortzeko egin duten ahaleginari begira, lan eskaintza publikoan parte hartzeko 15 urte baino gehiago zain egon ondoren. Horretaz gain, erabiltzaileen, senideen eta erakunde publikoko langileen eskubideen «aurkako eraso larria» dela uste dute. Oinarri horiek, gainera, aho batez onartu zituzten batzordeko ordezkari diren sindikatu guztiek, Euskara Plana onartu zen bezala, zeinaren testutik eratorri baita aipatutako LEPa.

Uliazpi adimen desgaitasuna duten pertsonen eta horien familien bizi kalitatea garatzen laguntzen duen erakundea da, «eta hizkuntza eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, lanpostuaren ezaugarriei lotuta daude, erabiltzaileek behar dituzten laguntzak emateko beharrezkoak baitira», adierazi dute sindikatuek.

Hori dela eta, adierazpena babestu duten langileek uste dute epaiak «akats larria» egiten duela pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen «eskubide generikoa eta lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharra nahasten dituenean». Izan ere, Uliazpin hezkuntza lanak egiteko, komunikazioa, eta, beraz, hizkuntzaren ezagutza, funtsezkoa da langileek esleituta dituzten zereginetan, sindikatuek nabarmendu dutenez.

LAB eta ELAren iritziz, epaimahaiak, hizkuntza eskakizuna duten plazen kopurua gehiegizkoa dela iritzita, deialdia baliogabetzean, langileek plaza lortzeko egiten duten ahalegina «gutxiesteaz gain, urratu egiten du erakundeek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko duten betebeharra, eta urratu egiten ditu erakundeek duela 30 urte baino gehiagotik euskararen normalizazioan aurrera egiteko adostutako hizkuntza planak». Horrekin batera, «urratu egiten du Uliazpiko erabiltzaileek behar dituzten laguntzak jasotzeko beraiek dakiten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea».