Nafarren laurdenek dute euskararen ezagueraren bat
Nafarroako biztanleen ia lautik batek (%24,7) dauka euskararen gaineko ezagueraren bat eta %12k erabiltzen du egunerokoan. Erabilerak gora egin du azken 30 urteetan; aldiz, hizkuntza sustatzearen aldeko jarrerak behera egin du. Hala dio VII. Inkesta Soziolinguistikoak.

Euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dute Nafarroan azken 30 urteotan. Hala berresten du VII. Inkesta Soziolinguistikoak, 1991 eta 2021. urteen artean izandako bilakaera xehatzen duen ikerketak. Atzo eman zituen xehetasunak Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Kondestablean.
Datu orokorrei erreparatuz, 16 urtetik gorako nafarren %14,1 euskaldunak dira gaur egun, ikerketak ondorioztatu duenez. Hazkundea %4,6koa izan da; izan ere, 1991n %9,5 ziren euskaraz zekiten biztanleak. Euskaldun hartzaileek ere (euskaraz zerbait dakiena, ongi mintzatzera iristen ez bada ere) gora egin dute epealdi berean: %4,6 izatetik %10,6 izatera pasatu dira; hau da, %6 gehiago dira.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak Inkesta Soziolinguistikoaren datuen garrantzia nabarmendu zuen, «hizkuntza politika publikoaren eragin edo inpaktu soziala neurtzeko beharrezkoa baita datu demolinguistikoak era sistematikoan jaso eta adierazle egokiak sortzea», esan zuen.
Milakoetara eramanda, euskaldunak 40.167 izatetik 76.784 izatera pasatu dira; euskaldun hartzaileak, berriz, 19.300etik 57.834ra igo dira. Hala, euskaraz aritu edo ulertzen dutenak 134.618 pertsona dira.
Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak ekitaldian ezagutzera eman zuenez, laburbilduz, lau nafarretik batek euskaraz daki, gutxi-asko. Adinaren arabera, euskararen ezagutzaren ehunekorik altuena nafar gazteen artean dago: %28, euskaldunak, eta %12,2, euskaldun hartzaileak. Ehuneko horiek Nafarroako eskualdeen arabera azterturik nabarmen aldatzen dira: eremu euskaldunean herritarren %62,3 eta gazteen %85,9 euskaldunak direla dio inkestak.
Administrazioak egiten duen eremu antolaketaren arabera, 2021. urtean eremu euskaldunean biztanleen %62,3k zekiten euskaraz; eremu mistoan, aldiz, %12,6k. Eremu ez euskaldunean, herritarren %1,6k baino ez dakite euskaraz.
Erabileraren atalean bi atal bereizten ditu ikerketak. Batetik, «euskaraz erdaraz adina edo gehiago» egiten dutenak eta, bestetik, «euskaraz erdaraz baino gutxiago» egiten dutenak. Lehenak %6,8 dira eta bigarrenak, %5,5.
Kezka jarrerarekin
Bestalde, euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreren bilakaeran agertu zuten kezka erakundeetako arduradunek. Gaur egun biztanleen %30 agertzen dira euskara sustatzearen alde, 1991n baino %8,4 gehiago baina duela hamar urte baino %7,7 gutxiago. Paradoxikoki, erabileran gorakadarik handiena gazteen artean gertatu bada ere, multzo horretan dago aldeko jarreraren beherakadarik handiena.
Hala, 2011n gazteen %41,8k zuten erabilera sustatzearen aldeko jarrera, eta inkestaren arabera, gaur egun %27,2 dira.
VII. Inkesta Soziolinguistikoa (2021) Lakuak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak burutu duten eragiketa estatistikoa da. Hala bada, Inkesta Soziolinguistikoa Nafarroan ez ezik, EAEn eta Ipar Euskal Herrian ere egin da eta Nafarroako datuak dira aurkeztu diren lehendabizikoak.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
