Maider IANTZI GOIENETXE
BERA

Abian da «Larhun-E», mendia zaintzeko mugaz gaindiko lankidetza proiektua

Larhun mugaren eta Euskal Herriaren irudia da, Sara, Urruña, Azkaine eta Beraren magala. Lau udalek, Pirinio Atlantikoek, Nafarroako Gobernuak, Euskal Elkargoak eta Nasuvinsak «Larhun-E» plazaratu dute. «Elkarrekin, ensemble, encuentro» adierazten du E hizkiak.

Larhun-E proiektuaren bultzatzaileak, Berako Udaletxeko aurkezpenean.
Larhun-E proiektuaren bultzatzaileak, Berako Udaletxeko aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

“Larhun-E” mugaz gaindiko lankidetza proiektua aurkeztu zuten atzo Beran. Jendetsua izan zen Herriko Etxeko ekitaldian euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman zituzten azalpenak, eta erakunde ugari bildu zen, egitasmoa izanen denaren erakusgarri.

Bera, Sara, Azkaine eta Urruñako auzapezak eta zinegotziak, Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidentea, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Euskal Hirigune Elkargoko kontseilari ordezkaria eta Nasuvinsako kideak batu ziren, hain zuzen, Poctefa Europako programaren barnean egiten hasi diren lankidetzaren berri emateko.

Denak bat datoz «anbizio handiko» proiektu bat egiteko nahian: gardena eta publikoa. Hortik, hasieratik beretik jendeari azaltzeko hautua. Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako lehendakariak adierazi zuenez, Larhungo kremailera-trena konpontzeko obrak ongi doaz eta ekainerako martxan izatea espero dute. Aurkeztutako egitasmoak trena du abiapuntu, baina mendi osoaz gogoeta eginen dute, eta dena zaindu, tontorretik hasita. Lehendabiziko fasean daude, ikerketan eta diagnostikoan.

300.000 bisitari

Aitor Elexpuru Berako alkateak aipatu zuenez, bisitari anitz hartzen ditu mendiak, egunero mila lagun batez beste. Gehienak tren ttipian goititzen dira, eta kontuan hartu behar da neguan ez dagoela trenik. Erran zuenez, iristen direnek sarri ez dute jakiten zer egin, eta arazoak sortzen dira, adibidez harriak pilatzen hasten direlako.

“Larhun-E” proiektuak ekarriko duena irudikatzeko ariketa eginez, bisitarientzat ibilbide zirkularrak eta eskaintza bat izanen direla agertu zuen. «Orain arte ostatuak, tabakoa, alkohola eskaini dira. Baina hori ere aldatzen ari da, eta bada kultur eskaintza, artearekin lotua».

Ondare materiala eta ez materiala kontsumitzeko modu jasangarriak pentsatuko dituzte. «Badira artzainen bordak, moldatu nahi ditugunak». Zerbitzuak hobetuko dituzte, argiteria eta ura adibidez; zaborren kudeaketa ere bai. Bisitariak ez ezik, hagitz kontuan izanen dituzte mendi honetan artaldeak dituzten artzainak eta bentetako langileak, eta guztiek nabarituko dute aldaketa.

Berritik hasi dira

Ez zen falta izan “Larhun 2020” aurreko proiektuaren inguruko galderarik, hautsak harrotu baitzituen, bertzeak bertze, planteatu zen pasarela erraldoi hark. Lasserrek eta Elexpuruk, biek baieztatu zuten ez dela egitasmo hartaz deus ere gelditzen. «Orain arte ez da egin gogoeta kolektiborik gure erakundeetan», adierazi zuen lehenak. Eta ez dutela Larhungo kaskoko bisitari kopurua handitu nahi argitu zuen, jada anitz direlako. «Galdera da ea zer egin dezakegun hobeki, ez zer egin dezakegun gehiago».

«Elkarlana eta gardentasuna» nabarmendu zituen Berako alkateak, eta «berritik hasi» direla ziurtatu zuen. «Gu aurreko proiektu harekin ez ginen ados, eta erne egonen gara jende kopurua ez gehitzeko, jadanik masifikazio puntua badelako. Beran Ibardin ere badugu, gainera. Ideia ordenatzea da».

Erraterako, lehen ez zegoen, tren ttipia hondatuz gero, ordezko lokomotorarik, ezta komun publikorik ere tontorrean. Elkarrekin bizi dira mendi honetan urte osoan bertan diren artzainak, udan igotzen diren bisitariak eta bentetako langileak, eta batzuetan ez da erraza ongi moldatzea, turistek ez dakitelako zer egin dezaketen eta zer ez. Behar horiei erantzutea erabaki dute, Larhun babestu behar delako.

Natura 2000 eremua

Kontuan hartu behar da Larhun Natura 2000 eremu gisa izendatuta dagoela, eta mendigune osoa hala babestea nahi dute. Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen du Larhun-Xoldokogaina eremua, eta bertako kontseilari ordezkariak, Joseba Erremundeguyk, azaldu zuenez, bisitariek errespetuz joka dezaten bilatuko dute, bertzeren artean Natura 2000 kartari oihartzun handiagoa emanez.

Bereziki uraren, ingurumenaren eta artzaintzaren kudeaketan parte hartuko du Elkargoak, eta ibilaldi xendretan ere bai. «Proiektu handia eta iraunkorra izatea espero dugu. Lehen pauso gisa hartzen dugu, etorkizunean Larhunen inguruan kudeaketa egituratuago bat izan dezagun», azaldu zuen Erremundeguyk.

Jose Maria Aierdi Nafarroako lehendakariordearentzat «gobernantza eredu berria» da garrantzitsuena, mugaz gaindiko lankidetza, «behetik gora, tokiko eragileen partaidetzarekin» eginen dena. Oroitu zuenez, bentak interes pribatu batetik jaio ziren, eta orain ezarri nahi dena da zer erabilera diren posible, zein ez, eta nola egin behar diren gauzak.

Hori dena tresna ezberdinak dituzten instituzioen artean, herritarrekin komunikatuz, «politika koherente bat» aplikatzeko.

2021ean paraje honetan piztu ziren suteen alde ona eragileek elkar ezagutzea izan zen, Elexpururen hitzetan. Etxalar eta Baztanek ere parte hartzen dute suteen kudeaketan. «Gu ez gaude Natura 2000n, baina ditugun tresnekin pareko babesa ematea da gure helburua», azaldu zuen Berako alkateak.