Iraitz MATEO
DONOSTIA

Martxoaren 23an euskarazko hezkuntza aldarrikatuko dute

“Hezkuntza euskaraz izan behar da” mobilizaziora deitu dute Gazte Euskaltzaleen Sareak eta euskalgintza alorreko beste zenbait eragilek martxoren 23rako. Azken boladan euskararen aurka izandako erasoak salatu zituzten atzo, eta herri erantzunaren beharra nabarmendu.

Donostian egindako agerraldia.
Donostian egindako agerraldia. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Euskaraz biziko zen belaunaldia izango ginen esperantza jarri zen gugan. Aldiz, gugan jarritako esperantzei ezin erantzun, euskaraz bizi nahiaren mugak eta ezinak sufritzen ditugun belaunaldia bilakatu gara», horiek izan ziren Begoña Garaikoetxea Gazte Euskaltzaleen Sareko kidearen hitzak. Euskararen eta euskaldunen aurkako oldarraldia salatu zuten hainbat norbanakok eta eragilek martxoaren 23rako antolatuta dagoen mobilizazioan parte hartzeko dei egin zuten, atzo Donostian egindako agerraldian.

Gazte Euskaltzaleen Sareko eta euskalgintzako beste zenbait eragiletako ordezkariak eta beste hainbat norbanako elkartu ziren epaitegiaren aurrealdean. Besteak beste, Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz), Aize Otaño (AEK), Ibai Zabala (irakaslea), Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokia), Manex Mantxola (Euskalgintzaren Kontseilua), Lorea Agirre (Jakin), Ibon Leibar (Euskal Herrian Euskaraz), Urko Aierbe (LAB), Maialen Arteaga (Gazte Euskaltzaleen Sarea), Beñat Jusue (Gazte Euskaltzaleen Sarea) eta Begoña Garaikoetxea bera. ELAk ere bat egin du mobilizazioarekin.

Aize Otaño AEK-ko kideak ere hitza hartu zuen agerraldian eta «herri bultzada berri baten beharra» nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuen duela urtebete Gazte Euskaltzaleon Sarea plaza publikora atera zela, “Euskara Aurrera” manifestazio jendetsurako dei eginez. Mobilizazioaren ondoren, auzoz auzo eta ikastetxeetan gazteek euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan «eragile aktibo» izatearen beharra nabarmentzen jarraitu dutela adierazi zuen, eta arlo ezberdinetan horretarako lanean dabiltzala. Eta horren emaitza da, esate baterako, Ikama eta unibertsitateetako euskara taldeekin batera euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko martxoaren 23ko mobilizazioa.

Eskubide urraketak

Garaikoetxeak azaldu zuen, gazteak euskararen alde mugitzeaz gain «beste batzuk» ere mugitu direla: «Euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoak ez du etenik izan». Eta gaineratu zuen euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak ahalbidetu dituzten epaiak egon direla, baita «urraketa horiek justifikatzeko diskurtsoa» ere. Uliazpiko azkeneko epaia jarri zuten adibidetzat, eta «marra gorri guztiak gainditu» dituela salatu.

Euskararen normalizazioan aurrera eramateko dauden oinarri juridiko «ahulak eta ez nahikoak hankaz gora bota» nahi dituztela adierazi zuten. «Epaile eta magistratuak hizkuntza politika erreakzionarioak garatzen ari dira, eta hizkuntza politikak garatzeko gure herriak eskuratutako eskuduntzen aurka eraso zuzenak egiten».

Herri erantzun bateratua

Begoña Garaikoetxeak onartu zuen gazteek bakarrik ezin diotela aurre egin hizkuntza nazionalaren aurkako oldarraldi horri, eta gaineratu «erantzun bateratu bat, herri erantzun bat» eskatzen duela egoerak. «Gure hizkuntza, gure etorkizuna eta gure eskubideak daude jokoan», esan zuen, eta horregatik kalera irtengo direla martxoaren 23an, hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan.

«Neurri aurrerakoiak bultzatzeko» beharrezkotzat jotzen dute kaleak hartzea. Eta dei egin zieten gizarte eragileei, eragile sindikal, eragile politiko eta instituzionalei «erasoen neurriko erantzunak emateko urratsak» egitera.

Datorren ostegunean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dira mobilizazioak, “Hezkuntza euskaraz izan behar da” lelopean. Eguerdiko 12.00etan hasita, Gasteizen (Elurreta), Bilbon (Jesusen Bihotza), Donostian (Bulebarra) eta Iruñean (Antoniutti) izango dira.